Politika -
PINTAKETAK
Pintaketak egin dituzte Abascalen senitartekoek Amurrion duten dendan
Vox-eko buruak berak zabaldu ditu pintaketen argazkiak sare sozialetan. Ertzaintzak ikerketa zabaldu du.
AGENCIAS | REDACCIÓN
Santiago Abascal Vox-eko buruak txio batean salatu duenez, bere amak eta arrebak Amurrion duten dendaren erakusleihoan pintaketak egin eta harriekin kalteak eragin dituzte.
Abascalek berak zabaldutako irudietan ikus daitekeenez, "Ea hau gustuko duzun, faxista" esaldia idatzi dute pintura gorriarekin erakusleihoan.
"Hiru kaputxadunek" bere senideen negozioari eraso egin diotela esan du Vox-eko buruzagiak sare sozialetan, eta "mehatxu mezua" ere utzi dietela gaineratu du.
Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, atzo jaso zuten salaketa eta Ertzaintzak ikerketa zabaldu du, gertatutakoa argitzeko.
Politikarien erreakzioak
Gertakaria gaitzetsi dute politikariek Twitterren. Idoia Mendia lehendakariordeak eta PSE-EEko idazkari nagusiak zera idatzi du: "Demokraziak babesten duen ideien pluraltasuna ez zaie gustatzen oinarrizko arauak errespetatu ezin dituztenei. Alderdien egoitzei edo saltokiei egindako erasoak borrokatu behar dugun intolerantziaren erakusle dira".
EAEko PPko presidente Carlos Iturgaizek "eraso koldar eta nazkagarri honen gaitzespen kementsua" adierazi du sare sozialetan. "Nire babes osoa Santi eta familiarentzat. Denok ezagutzen dugu herrialde honetan basapizti fundamendalista txanodunak nondik datozen eta zeintzuk diren", idatzi du.
Amurrioko EH Bildurentzat "onartezina" da "udalerriko familia batek bere dendan jasotako erasoa". Zera idatzi du koalizioak Twitterren: "EH Bildu Amurriok onartezina deritzo bart gauean udalerriko familia batek bere dendan jasotako erasoari".