Politika -
KORONABIRUSA
Kutsatzeak non eta nola gertatzen diren ikertzeko taldea sortzea eskatu du EH Bilduk
Helburu hori izango duen lantaldea sortzea proposatzen du Osakidetzan, "beste erkidegoetan bezala". Gainera, COVID-19aren datuak egunero argitaratzeko eta sentsibilizazio kanpaina egiteko eskatu du.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Ostiral honetan ez legezko proposamena aurkeztu zuen EH Bilduk Eusko Legebiltzarrean, Osakidetzan lantalde berezi bat sortzeko eskatuz, aztarnariekin lankidetzan, koronabirus kutsatzeak non, ze arlotan, eta nola gertatzen diren ikertzeko.
Rebeka Ubera parlamentariaren iritziz, "ez da ulergarria Osakidetzak ez jasotzea kutsatzeen inguruko informazio hori, ahalik eta zehatzen jakiteko non eta nola gertatzen diren kutsatzeak. Horrek, dudarik gabe, inguru delikatuenak identifikatzen lagunduko lukeenean eta prebentzio neurriak hobetzen lagunduko lukeenean, neurri kirugikoak, ia tokian tokikoak hartzea ahalbidetuko lukeenean" gaineratu du. "Oinarrizkoa da ze testuingurutan gertatzen diren kutsatzeak jakitea" hausnartu du.
Bere ustez, ikerketa lan hori "ezinbestekoa" litzateke birusaren kontrako borroka eraginkorragoa egiteko eta kutsatzeak gutxitzeko. Horregatik "harrituta gaude Lakuako Gobernuak ez egitea bilaketa hori eta ez erabiltzea informazio hori, Espainiako Osasun Ministerioak ematen dituen datuen arabera, beste erkidego batzuetan egiten dutenean".
EH Bilduko parlamentarioak gardentasun "osoa" eskatu dio Urkulluren Gobernuari, eta zehazki, koronabirusari buruzko datuak egunero argitaratzea proposatu du, "herritarren jarrera eta ohiturak moldatzen lagunduko bailuke".
Bestetik, sentsibilizazio kanpaina martxan jarri beharko litzatekeela ere esan du, "indarrean dauden osasun neurriak modu pedagogokoan azaltzeko, maskara nola erabili eta lekukotza errealen bidez, ospitaleetako errealitatea erakusteko".