Politika -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Ezker abertzalearekin ere biltzeko eskatu dio Urizarrek lehendakariari
EAren idazkari nagusiak begi onez jo du Rajoyren diskurtsoa: "Aukerak zabalik utzi zituen eta ez zuen aterik itxi".
Erredakzioa
Peio Urizar Eusko Alkartasunaren idazkari nagusi eta Bilduren bozeramaileak ezker abertzalearekin ere biltzeko eskatu dio Patxi Lopez lehendakariari. Lehendakariak bilera-sorta hasi du gaur EAJrekin, eta erronda horretan ezker abertzaleak ere bere tokia behar duela iritzi dio Urizarrek. EAren idazkari nagusiak esan du pausoak ematea eskatuko diotela Jaurlaritzari bilera horretan.
Radio Euskadin egin dioten elkarrizketa batean, Urizarrek hauteskunde orokorren aurretik kartzela politikan aldaketak egitea proposatu dio Gobernuari, eta ETAk barkamena eskatu eta egindako kaltea aitortzeak duen garrantzia azpimarratu ondoren, horrelako mugimenduetarako garaizegi dela ohartarazi du.
Urizarrek berretsi du Bildu alderdi guztiekin hitz egiteko prest dagoela, baita PPrekin ere. Gainera, Mariano Rajoy PPren buruaren diskurtsoa begi onez jo du: "Aukerak zabalik utzi zituen eta ez zuen aterik itxi".
Azkenik, ETAren agiria iritsi arteko prozesuan EAJk izan duen papera exajeratu egin dela iradoki du, eta Iñigo Urkulluren planteamenduak gaitzetsi ditu, "interes propioan bakarrik pentsatzen" duela iritzita.