Politika -
Elkarrizketa 'Egunon Euskadi'n
Egungo 'aukera historikoaren aurrean, ikuspegi zabala' eskatu du LABek
Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiak azpimarratu duenez, "herriari hitza emateko konpromisotik abiatu eta Euskadik erabakitzen duena errespetatu behar da, nahitaez".
Erredakzioa
Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiak “ikuspegi zabala" eskatu du, “egungo aukera historikoaren aurrean”. Halaber, Etxaideren esanetan, "herriari hitza emateko konpromisotik abiatu eta erabakiak errespetatu behar dira, nahitaez". LABeko buruzagiak ohartarazi duenez, "alde batek aurrerapausorik eman gabe jarraitzen du"; hori dela eta, "Estatuak etxeko lanak egin behar ditu, urratu diren eskubide demokratikoak berriro itzultzeko".
'Egun On Euskadi' ETB-2ko saioan eskainitako elkarrizketan azaldu duenez, LABek ez du "ez gonbidapenik ez datarik lehendakariarekin biltzeko". Hala ere, azkenean gonbidapena jasotzea espero du, "sindikatuok ezin gaituztelako baztertu".
Etxaidek nabarmendu duenez, "elkarrizketarako garaia da eta guztiok hitz egin beharko dugu". Hartara, "Euskadiko gatazka politikoari irtenbide demokratikoa emateko aukera historikoa dugu une honetan eta hori esango diogu Patxi Lopezi". "Guztion erantzukizuna da garai berri hau ikuspegi zabalaz lantzea", gaineratu du.
Etxaideren esanetan, "etorkizunean zer izango den Euskadik erabakiko duela izan behar da abiapuntua". "Nahitaezkoa da herriari hitza emateko konpromisotik abiatzea eta horrek erabakitzen duena errespetatzea", zehaztu du.
Erakundeek "paper garrantzitsua" dutela aitortu arren, hau esan du Etxaidek: "Bazterketarik gabeko elkarrizketa politikoa sortzeko ordua da. Indar politiko guztiek baldintza beretan parte hartzeko aukera duten eszenatoki bat behar dugu".