Politika -

Bilera lehendakariarekin

Basagoitik nahiago du bakea 'egonkortu' presoez hitz egin aurretik

PPren EAEko presidenteak azaldu duenez, ETAren erabakia ez da etorri "ETAko norbait zintzotu delako, demokraziak garaitu egin duelako baizik".

Antonio Basagoiti PPren EAEko presidentea eta Patxi Lopez, gaurko bileran. (EFE)
Basagoiti lehendakariarekin bildu da

01:07

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Antonio Basagoiti PPren EAEko presidentea Patxi Lopez lehendakariarekin bildu da gaur eta ETAko presoez eta kartzela politikaz hitz egin aurretik bakea betiko "egonkortzeko" neurriak hartu behar direla esan dio.

Lehendakaria euskal alderdi politikoekin egiten ari den bilera-sortaren baitan kokatzen da gaurko batzarra. Iñigo Urkullu EAJren burua izan zen lehena lehendakariarekin biltzen iragan astean.

EAEko popularren buruak agerraldia egin du bileraren ondoren eta ETAk jarduera armatua utzi izana albiste ona dela berretsi du, baina argi adierazi nahi izan du ez dela izan "ETAko norbait zintzotu delako, demokraziak garaitu duelako baizik".

Alderdiek "askatasun eremu gehiago irabazteko" lan egin behar dutela esan du Basagoitik eta "presoez eta independentziaz hitz egitea Batasunari laguntzea eta etxea teilatutik hastea" izango litzatekeela azpimarratu du.

Bestalde, Basagoitik konferentzia bat edo "kongresu handi bat" antolatzea proposatu dio lehendakariari askatasunaz, demokraziaz eta aniztasunaz hitz egiteko.

Kongresu horrek "nazio eta nazioarteko maila altuko" jendea erakarriko lukeela azaldu du Basagoitik, "ez jubilatuak".

ETAren intereseko gaiez jarduteari uko eginda, Basagoitik eskatu du terrorismoaren biktimak izan daitezela gertatu denaren kontalariak, euskal gizartea berriro "fanatismoan erori ez dadin".

Erakunde demokratikoak babesteko exijitu dio Patxi Lopezi, izan ere, PPk ez omen du parte hartuko Donostiako Bake Konferentziak proposatutako alderdien mahaian, erakundeetatik aparte doalako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea