Politika -
A-20ko hauteskundeak
Ekonomia eta euskal interesen defentsa izango dira EAJren helburuak
Oraingo eta 2005eko aurkeztutako programak ezberdinak direla azaldu dute zerrendaburuek, "testuinguru sozial eta ekonomikoa guztiz aldatu delako".
Erredakzioa
Hazkundean eta enpleguaren sorkuntzan oinarritutako politika ekonomikoa eta euskal interesen defentsa izango dira EAJren apustu nagusiak hurrengo hauteskunde orokorretarako. Apustu hauek "PP eta PSOEren saiakera berzentralizatzailea gelditzeko asmoz" egin dituzte.
Diputatuen Kongresurako zerrendaburuek, Josu Erkoreka, Arantxa Tapia eta Emilio Olabarriak, gaur aurkeztu dute EAJk bere egingo duen programa Madrilera helduz gero. Aurretik aipatutako apustuez gain, ongizatearen Estatua mantentzea, oinarrizko zerbitzuak errespetatzea eta "bakea egonkortzea eta normalizazio politikoa lortzeko ateak zabaltzea" defendatuko dute.
Hautagaien esanetan, hau da Senaturako eta Kongresurako "euskal programa bakarra". "Euskadin eta Euskadirentzat pentsatutako hauteskunde programa bakarra. Arazoak identifikatu eta soluzioak iradokitzen dituen bakarra" azpimarratu du Erkorekak.
Orain eta 2005ean aurkeztutako programak ezberdinak direla azaldu dute zerrendaburuek, "testuinguru sozial eta ekonomikoa guztiz aldatu delako". Beste alde batetik, "orain dela hiru urte eta erdi planteatu genituen ia erronka guztiak" bete dituztela azpimarratu dute.
"Aurretik 4 erronka, 10 lehentasun eta 77 proposamen ditugu betetzeko" adierazi du Erkorekak, EAJren programa kontsultatzeko dei eginez.