Politika -
ETAren adierazpena
Sortu 'lehenbailehen' legeztatzeko eskatu die Lokarrik epaileei
ETAk indarkariaren amaiera iragarri zuenetik lehenengo bilera egin du gaur Lokarrik, "oso bilera berezia", Paul Riosen hitzetan.
Erredakzioa
"ETAren amaiera lortu ondoren", Sorturen "legeztatzea" etorri behar dela uste du Lokarri erakundeak. Bake prozesua "itzuliezina" izateko, Auzitegi Konstituzionalak Sorturen aldeko erabakia hartu beharko duela esan du Paul Rios presidenteak.
Donostiako Bake Konferentziaren sustatzaileak ETAk indarkariaren amaiera iragarri zuenetik lehenengo bilera egin du gaur arratsaldean, "oso bilera berezia", Riosen hitzetan.
Konferentzia horrekin lortutakoa "euskal gizarte osoaren" meritua izan dela azpimarratu du Lokarrik. Hala ere, Riosek esan duenez, "dena ez dago eginda" eta "urrats gehiago eman beharko dira", tartean "sortu lehenbailehen legeztatzea".
Paul Riosen ustez "une historiko baten aurrean gaude", Euskal Herriaren historiaren "zero puntuan".
"Hala ere, ETAren indarkeriaren amaierarekin ez dira arazo guztiak konpondu, nahiz eta, hemendik aurrera, errazagoa izango den konponbideak topatzea", gaineratu du.
Orain, ETAren amaiera lortu ondoren, "denon artean" bat egiteko unea dela esan du Lokarrik, "egoerak merezi duen bezala jokatuz, eta etorkizuna zentzuz kudeatuz".
Auzitegi Gorenak Sortu "legeztatu" egin behar duela uste du Lokarrik. Modu horretan, alderdi politiko guztiek "segurtasunez, askatasunez eta berdintasunez jokatuko dute hauteskundeetan".
Bestalde, ETAren amaieraren meritua "norena den" zehazteko "lasterketa" hasi dela esan du Riosek. Bere ustez, "ez da pertsona bakar baten meritua", euskal gizarte osoarena baizik.
Azken asteetan Lokarriren aurkako "kritika oso gogorrak" entzun behar izan dituztela nabarmendu du, baina hainbat erakundek eta elkartek Lokarri "zoriondu" egin dutela gaineratu du, batez ere ETAk bere agiria iragarri zuen egunetik.
Brian Currinen Nazioarteko Taldearekin harremanetan jarraituko dutela azaldu du Lokarriko presidenteak. "Currinek ere hainbat irain pairatu behar izan ditu azken egunetan", bukatu du.