Politika -

Bilera sorta

Patxi Lopez: 'ETAren amaierak krisiaren aurkako energiak piztu ditu'

Goizean, Confebaskeko, UGTko eta CCOOko ordezkariekin bildu da Patxi Lopez, baita Mikel Arana Ezker Batuakeko legebiltzarkidearekin ere.

Confebaskekin, UGTrekin eta CCOOrekin bildu da lehendakaria

01:32

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ETAren amaierak "indar eta energia berriak askatu ditu Euskadin" krisi ekonomikoari aurre egiteko, enplegua sortzeko eta "euskal ekonomia indartzeko", Patxi Lopez lehendakariaren aburuz.

Goizean, Confebaskeko, UGTko eta CCOOko ordezkariekin bildu da Patxi Lopez, baita Mikel Arana Ezker Batuakeko legebiltzarkidearekin ere. Denek terrorismoaren amaieraren aurrean "pozik" daudela esan diote lehendakariari, baina egoera ekonomikoarekin "kezkatuta" daudela jakinarazi dute.

Patxi Lopezen hitzetan, "indarkeria terroristaren amaierak" Euskadin "energia eta indar berriak askatu" dituela esan du, "krisiari aurre egiteko, enplegua sortu ahal izateko eta euskal ekonomia indartzeko bidean indar metaketa lortzeko".

Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritzak bidalitako oharraren arabera, lehendakariak "elkarrizketa soziala" indartzeko eskatu die eragile ezberdinei, "denen artean ekonomiaren aldeko konpromisoak lortzeko bidean".

"Euskadin betidanik jakin dugu hiritarren arazoak nola konpondu, nahiz eta ETA hor egon, baina orain, indarkeria terrorista desagertu den honetan, gure energia guztiak enplegua sortzean erabili behar ditugu", esan du lehendakariak.

Confebaskekin egin duen bileran, Lopezek esan du Euskadiko enpresariak "gure herriaren etorkizunarekin konprometituta" daudela eta ETAren "xantaia eta mehatxuak" pairatu dituztela gogoratu du.

Herritarren izenean, eskerrak eman dizkio Confebaskeko ordezkariei, azken hamarkadetan "Euskadi ez delako gelditu". "Euskadik aurrera egin du, nahiz eta ETA hor egon", besteak beste, "enpresariek aberastasuna eta enplegua sortzearen alde egin dutelako".

Bestalde, CCOO eta UGT sindikatuei terrorismoaren aurka eta demokraziaren eta askatasunaren alde egindakoa ere eskertu die.

Bihar, lehendakariak Bildu koalizioko eta ELA sindikatuko ordezkariak hartuko ditu Lehendakaritzan. Azaroak 3an LABeko arduradunekin bilduko da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea