Politika -
Azaroaren 20ko hauteskundeak
Rajoyk azpimarratu du programan ez dutela ezinezkorik sartu
PPren presidenteak azaldu duenez, bere alderdiak onartutako hauteskunde programak "ez du bete ezin denik hitz ematen" eta susperraldi ekonomikorako oinarriak zehazten ditu.
Erredakzioa
Mariano Rajoy PPren presidenteak azpimarratu du hauteskunde orokorretarako aurkeztu duten programak ez duela "titularrik" edo ezinezkorik bilatzen; kontrakoa baizik, susperraldi ekonomikorako oinarriak zehazten omen ditu.
"Programa honetan ez dago marketinga sartzeko lekurik, ez dugu titularrik bilatzen, behingoz albiste onak egotea nahi dugu", adierazi du popularren buruak Exekutiba Nazionalaren Batzordean, hauteskunde-programa aho batez onartu ondoren.
Rajoyk ez du programaren inguruko ezer berririk esan atzo aurreratu zutenetik. Gaur zabalduko dute programa osoa alderdiaren webgunean.
PPren presidenteak irizpide orokorrak azaldu ditu: espainiar guztientzako programa bat da eta "norabide egokira" begirakoa, konfiantza emanez, errealista eta erreformista, ez du "bete ezin den ezer hitz ematen" eta susperraldi ekonomikorako oinarriak zehazten ditu.
PSOEri erreferentzia eginez, honakoa gaineratu du: "Ez dugu beste batzuen berdina egingo, gauza bat hitz eman eta gero kontrakoa egin. Orain egin dutenaren kontrakoa hitz ematen dute. Arazoa sortu zutenak ezin dira irtenbidea izan".
PPren buruak berretsi du bere alderdiak egin dezakeena egiteko konpromisoa hartuko duela bakarrik, eta "argi ez duena" ez da programan azaltzen, izan ere, "popularrek gobernatzen badute, ez dute Espainiaren benetako egoera ezkutatuko, publiko egingo dute eta hartu beharreko neurriak azalduko dituzte, baina hiru helbururekin beti: lanpostuak sortzea, gastuak kontrolatzea eta Ongizate Estatua defendatzea".
Hala ere, Rajoyk aitortu du "demokrazian Gobernu batek inoiz izan duen testuinguru zailenari" egin beharko diola aurre. Era berean, Rajoyk esan du badakiela "aldaketa politikoarekin" ez dela "dena" konponduko, baina "aldaketarik gabe" ezin omen da "ezer konpondu".
PPren buruzagiarentzat PP da "Espainiak krisitik ateratzeko duen aukera bakarra".