Politika -

Bilera Parisen

ETAn barne zatiketak egon litezke, Frantziako Barne ministroaren ustez

Frantziako Barne ministroaren esanetan, litekeena da ETAren iragarpenaren ostean taldean barne zatiketak izatea. "Haien atzetik ibiliko gara, zelatan", baieztatu du.

Frantziako eta Espainiako Barne ministroak, Parisen. Argazkia: EITB
Frantziako eta Espainiako Barne ministroak Parisen bildu dira

01:04

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Claude Guant Frantziako Barne ministroak asteazken honetan ohartarazi duenez, baliteke ETAren iragarpenaren ostean taldean barne zatiketak izatea eta oraindik ere "soldadu galdu batzuek" ekimenak egitea. Hala ere, Guantek azpimarratu duenez, Frantziako segurtasun indarrak "zelatan" ibiliko dira.

Frantziako Barne ministroak Antonio Camacho Espainiako ministroarekin bildu ostean egin ditu adierazpen horiek. Camachok "zuhurtziaren eta legearen" aldeko deia egin du, iragarpena gorabehera, Poliziak ETAren aurkako borrokari eusteko.

"Maila operatiboan, zuhurtzia maila handiaz jokatu behar dugu", azaldu du Guantek. Honen esanetan, "baliteke, beste amaiera terroristetan gertatu den bezala, galdutako soldadu batzuk geratzea". Hala ere, Guantek azpimarratu duenez, "haien atzetik ibiliko gara". Gainera, Espainiaren "ausardia" nabarmendu du eta Frantziak terroristekin inoiz hitz egin ez duela zehaztu du.

Bestalde, Antonio Camachoren aburuz, "zuhurtziak eta legeak ETAren aurkako borrokan intentsitate beraz jardutera bultzatzen gaituzte"."Bat datoz Frantziako eta Espainiako Gobernuak helburu horretan, herritarren segurtasuna babesteko asmoz", adierazi du.

Camachoren esanetan, Frantziaren laguntza "funtsezkoa" izan da, eta Espainiak “beti erakutsiko dio esker ona". Gainera, Jean Serge Nerin, ETAk hil zuen brigadier frantziarra, gogora ekarri dute.

Datozen asteetan hartuko dituzten erabakiei buruz galdetu diote, baina hauteskundeen ostean sortuko den Gobernuari helarazi dio erantzukizuna Camachok. "Gizartea ETAren aurkako borroka kudeatzeko gai izan da, eta hori izan da zailena. Bakea kudeatzeko gai ere izango da", adierazi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea