Politika -
Auzitegi Nazionala
Andoni Otegi: 'Inork ez dio alargunari iseka egin'
'Txapote' epaitu dute Mugicaren alarguna Auzitegi Nazionalean zegoela. 'Txapote', Andoni Otegi eta Zelarain akusatuek ez dute deklaratu, Juan Carlos Besancek ez bezala.
Erredakzioa
Adoracion Zubeldia Jose Javier Mugica Leitzako (Nafarroa) UPNren zinegotziaren alargunak bizkartzainik gabe deklaratu du Auzitegi Nazionalean bere senarra hil zuten atentatuaren ustezko egileen kontrako epaiketan.
Nahiz eta Auzitegiak bideokonferentzia bidez deklaratzeko aukera eskaini zion Zubeldiari, lekukoa bertan agertu da eta edonolako zehaztasunak emanda deskribatu du atentatua. Deklarazioa bukatutakoan begiradak gurutzatu ditu akusazioarekin.
Zubeldiak deklarazioan esan duenez, herriko haietako pregoian bere senarraren kontrako "mehatxuak" agertu ziren eta berriz ere esan du, asteazkenean bezala, zelan ikusi zuen atentatua etxeko balkoitik. "Zarata bat entzun nuen eta etxea mugitu zen. Nire senarra lurrean etzanda zegoen, furgoneta erretzen ari zen, baita bera ere", gaineratu du.
Epaiketa ostiral honetan errepikatu dute epaile berriekin Angela Murillo prozesua utzi ostean, akusatuak "kabroiak" zirela mikrofonotik nahi gabe esan ostean.
Garcia Gaztelu ETAko buruzagi ohiak ez ezik, Andoni Otegi eta Oscar Zelarain 'Argala' komandoaren kideek ere arbuiatu dute epaiketan "parte hartzea" auzitegiaren "zilegitasuna" onartzen ez dutelako. "Bakarrik esan nahi dut..." izan da Otegik esan duen bakarra, momentu horretan Carmen Paloma Gonzalez epaile berriak moztu baitio. Juan Carlos Besancek bai deklaratu du, baina soilik erantzun ditu bere abokatuak egindako galderak.
Asteazkenean esan bezala, bere burua erruduntzat hartu zuen Guardia Zibilaren aurrean torturak izan zituelako. "Negarrez igaro nuen gau osoa. Ez nion ezer esan epaitegiko medikuari beldur nintzelako", esan du.
Andoni Otegi: ‘Inork ez dio iseka egin alargunari’
“Gertatutakoa, ordea, gezur baten eta epailearen protagonismo grinaren ondorio da”, esan du Otegik hitz egiteko zuen azken txandan. Angela Murillo epaileak esandako hitzen harira egin ditu adierazpen horiek Otegik; izan ere, Murillok epaiketa utzi du, mikrofonoa zabalik zuela konturatu gabe “emakume gaixoa (...) eta gainera kabroi horiek barre egiten diote” esan baitzuen.