Politika -
Europako Parlamentua
Europako Justiziak ez du onartu Junquerasen helegitea eurodiputatu aulkiaren inguruan
Europar Batasuneko Auzitegi Orokorraren ustez ezin da onartu David Sassoli Europako Parlamentuko presidenteak politikari kataluniarraren eserlekua hutsik uzteko erabakiaren aurkako helegitea.
agentziak | erredakzioa
Europar Batasuneko Auzitegi Orokorrak ez du onartu David Sassoli Europako Parlamentuko presidenteak Oriol Junqueras ERCren buruaren eserlekua hutsik uzteko erabakiaren aurkako helegitea. Espainiako agintari eta auzitegien erabakietan oinarrituta egin zuela argudiatu du.
"Europako Parlamentuko presidenteak aurretik indarrean zegoen egoera juridiko baten berri eman zion erakundeari, Espainiako agintarien erabakien ondorio zena", adierazi du auzitegiak ohar batean.
Junquerasek Espainiako Hauteskunde Batzorde Nagusiaren eta Auzitegi Gorenaren erabakien ondoren sartu zuen helegitea eurodiputatu eserlekua hutsik uztearen aurka; izan ere, Espainiako erakunde horiek erabaki zuten Junquerasek ezin zuela eurodiputatu izan, nahiz eta 2019ko abenduan Europako auzitegiak Junqueras Europako Parlamentuko kide izan beharko litzatekeela ebatzi.
Gainera, azken ebazpen horretan azaltzen zen Junquerasek inmunitatea izan behar zuela Europako hauteskundeetan aukeratu izan ostean, eta Europako Parlamentuaren osaketa saiora joateko eskubidea zuela, preso egon arren.
Erabaki haren aurka, Espainiako Hauteskunde Batzorde Nagusiak eta Auzitegi Gorenak adierazi zuten ERCren buruzagiak jada zigor irmoa zuela Kataluniako prozesu independentistaren harira.
Europako Parlamentuak urtarrilean hartu zuen erabaki hori aintzat, eta eurodiputatu eserlekua hutsik uzteko erabakia berretsi zuen.