Politika -

2012ko Aurrekontuak

Alderdien segurtasunerako diru-laguntza murriztea proposatu du Aresek

Hala ere, PPk neurria ez duela onartuko aurreratu du, "goiz" baita laguntza horiek kentzeko.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2012. urteko Aurrekontuetatik alderdi politikoen segurtasuna bermatzeko 200.000 euroak kentzea proposatu du gaur Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak, behin "indarkeria terrorista desagertu ostean". Hala ere, PPk neurria ez duela onartuko aurreratu du, "goiz" baita laguntza horiek kentzeko.

Eusko Legebiltzarrean agerraldia egin du Aresek. Datorren urteari begira, Herrizaingo Saileko aurrekontua 658,8 milioi eurokoa izango dela aurreratu du (iaz baino % 6,7 gutxiago). "Diru gutxiagorekin gauza gehiago egiten ari gara", azaldu du. Gastu arrunta % 29,5 gutxitu egingo dutela nabarmendu du.

Behin ETAk indarkeria utzi egin duenean, Herrizaingo Sailaren helburu nagusia "bakea, askatasuna eta elkarbizitza" finkatzea izango dela azpimarratu du Aresek.

Gastu arruntaren bigarren kapitulua % 29,5 murriztu egingo dutela aurreratu du Aresek. Bizkartzainen zerbitzua emateko aurrekontua iazko 88 milioietatik 2012ko 36 milioi eurora igaroko da. Horrez gain, datorren urtean aurrekontu hori gehiago murriztea espero dute.

Hori horrela, 2012an "ETAren iragarpena kontuan izanda, aurrekontu horretatik diru asko aurreztea" espero dutela esan du.

Genero-indarkeriaren Biktimen arretari dagokionez, aurrekontuak % 4,7 egin du behera, baina partiduei dagokien 200.000 euro gehituko zaizkio, eta azkenean, % 6 egingo du gora.

Bestalde, PPk iragarri duenez, ez du alderdien segurtasunari egokitutako dirutza erabat kentzeko zuzenketa onartuko; izan ere, "presazkotzat eta goiztiartzat" jo dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea