Politika -
ELKARRIZKETA
"PSOE-Podemos gobernua ez da estatu sakonaren aginduen aurrean makurtuko"
Bateragune auzia berriro epaitzeko erabakiaren atzean Espainiako Gobernua "ezegonkortzeko" ahalegina ikusten du Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusiak.
O.A. | EITB Media
Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusiak Espainiako Gobernuan PSOE eta Podemos egoteak eskaintzen dituen "aukerak" baloratu ditu, eta Bateragune auziko epaiketa errepikatzea ere hizpide izan du Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan.
Rodriguezen esanetan, "badirudi" saihestezina izango dela Bateragune auziagatik berriro ere akusatuen aulkian ez esertzea. "Espainiak zentzugabekeria berriak gehitzen jarraitzen du". Baltasar Garzon magistratuak egindako adierazpenen harira ondorengoa esan du: "Eskandalu bat da, eta hala adierazi du kartzelara bidali gintuen Garzon epaileak".
Rodriguezek hainbat arrazoi aipatu ditu epaiketa errepikatzeko "Estatu sakonaren" erabakiaren atzean. Lehen helburu gisa aipatu du "herri hau iraganera ainguratuta mantendu" nahi dutela, bigarrenik, "Estatu espainiarreko egoera politikoa ezegonkortzea da helburua, estatu sakonaren, Frankismotik datozen botere faktikoen eta bere aginduei men egiten ez dien gobernuaren arteko pultsua dagoelako". Arkaitz Rodriguezen ustez, garrantzitsua da Sortuk "aukera leiho bat" irekita mantentzea, "Colonen eta Goreneko sektoreen argazkia geldiarazteko, demokraziaren eta askatasunaren zirrikituak are gehiago estutu nahi baitituzte". Sortuko idazkariaren hitzetan, "parentesi" bat da "inboluziorako eta birzentralizaziorako joera estruktural" batean, "espetxe politikaren normalizazioan eta eskubide sozial eta ekonomikoetan aurrera egiteko aukera leiho" bat. Politikariak gaineratu duenez, aurrerapausoak eman daitezke Euskal Herriko eta Kataluniako gatazken konponbidean, "batez ere autodeterminazioa onartzen ez duen Espainiako gatazka baita".
"Espainiako Estatuan demokraziaren eta askatasunaren zirrikituak zabaltzen laguntzeko prest gaude, Euskal Herriaren eta Estatuko herrietako klase jendearen mesederako delako". Sortuko buruzagiak uste du "estatu sakona" inbestiduraren gehiengoa "errailetatik ateratzen" saiatzen ari dela.
Jon Inarritu EH Bilduko diputatuak Voxeko senatari baten aurrean ETA gaitzetsi izana hausnarketa pertsonalaren eremura mugatu du, eta EH Bilduk biktima guztien aitortza, erreparazioa eta egia defendatzen dituela gaineratu du. Rodriguezen ustez, "ulertezina" da PSE-EEk, PSNk eta PSOEk, oro har, euskal presoak hurbiltzea eskatzen duen adierazpen batekin bat ez egitea.
"Administrazioak ez daude gomendioak emateko, erabakiak hartzeko baizik", aurpegiratu dio Eusko Jaurlaritzari pandemiaren kudeaketaren inguruan galdetuta. "Gero gauzak gaizki badoaz, berriro ere errua jendeari botako diote", gaineratu du.