Politika -
Epaiketa
Castrok Lazkaoko atentatua egin zuela onartu du Auzitegi Nazionalean
Atentatua egin ostean Tolosako inauterietara joan zela gaineratu du Manex Castrok epaiketan.
Erredakzioa
Manex Castro Lazkaoko PSEko egoitzaren aurkako atentatuaren arduradunak ETAko kidea dela onartu du eta pinguinoz mozorrotu ostean erasoa egin zuela aitortu du; ondoren, Tolosako festetan "kristoneko mozkorra" hartu zuela adierazi du.
Castro arlo penaleko bigarren salan aurkeztu da Mikel Garmendiarekin (2009ko otsailaren 23an atentatuan parte hartzea egotzi diote) batera.
Vicente Gonzalez Mota fiskalak 25 urteko kartzela zigorra eskatu du Castrorentzat hondamen eta lehergailuak gordetzeagatik, eta Garmendiarentzat zortzi urte eskatu ditu talde armatuari laguntza ematea egotzita.
Manex Castrok bere defentsari adierazi dionez, "harreman estua" dauka Garmendiarekin, "betidanik" ezagutzen baitu, baina Castroren hitzetan, Mikel Garmendiak edo bere inguruko beste inork ez zekiten ETAko kidea zenik, izan ere, bere ohiturak inoiz aldatu ez zituela gaineratu du.
Atentatuari dagokionez, asteburu horretan lagunari eskatu zion furgoneta "azalpenik eskatuko ez zizkiola bazekielako". "Oso pertsona zabala da, oso ona guztiekin, on puska bat da eta azlapenik eskatuko ez zizkidala banekien", esan du.
"Edaten eta tontakeriak egiten egon ginen. Ni pinguinoz mozorrotu nintzen", adierazi du, eta hurrengo egunean "kristoneko mozkorra" hartu zutela onartu zuten.
Bestalde, Mikel Garmendiak ETAko kidea izatea ukatu du eta inoiz izan dela gaineratu du.
Castro 2009ko martxoan atxilotu zuten Villabonan, eta Aguinagalde eta Errazkinekin batera Inazio Uria enpresariaren heriotza (2008ko abenduaren 3an, Azpeitian) egotzi diote.