Politika -

PSE-EH Bildu ituna

PSEk eta EH Bilduk akordioa egin dute Eibarko udal aurrekontuak onartzeko

Alderdi Sozialistak gutxiengoan gobernatzen du Eibarren. Aurrekontu-proiektuarne onarpena ziurtatuta zeukan EAJren abstentzioarekin, baina, hala ere, koalizio soberanistarekin akordioa egin du.

EH Bildu eta PSEko ordezkariak Eibarko udaletxean. Argazkia: Eibarko PSE-EE
EH Bildu eta PSEko ordezkariak Eibarko udaletxean.
EH Bildu eta PSEko ordezkariak Eibarko udaletxean. Argazkia: Eibarko PSE-EE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eibarko Udalak 40 milioi euro inguruko aurrekontuak onartuko du hasi berri den 2021 urterako, EAJrekin eta EH Bildurekin ituna egin ostean. Bi alderdi horietako ordezkariak abstenitu egingo dira egitasmoa onartzeko bozketan, hilaren 15ean.

Euskadiko Alderdi Sozialistak 9 ordezkari ditu eta gutxiengoan gobernatzen du. Jeltzaleek 6 zinegotzi dituzte; eta koalizio soberanistak bost hautetsi ditu.

Sozialistak abendu erdialdean egin zuten akordioa EAJrekin eta, ondorioz, ziurtatuta zuten aurrekontu-proiektuaren onarpena, baina, hala ere, EH Bildurekin adostasun batera heltzeko saiakera egin zuten.

Gaur goizean, Jon Iraola PSE-EEren bozeramaileak, Ana Telleria Ogasun zinegotziak eta Gorka Errasti eta Igone Lamarain EH Bilduko ordezkariek agerraldi bateratua egin dute akordioaren xehetasunak azaltzeko.

Iraolak esan duenez, aurrekontua 40 milioi ingurukoa da eta bi milioi euro koronabirusaren pandemiak udalerrian eragindako krisi sozio-ekonomikoari aurre egiteko erabiliko dituzte.

900.000 euro PSEk proposatutako neurriak martxan jartzeko erabiliko dituzte; 600.000 euro EAJk egindako proposamenak abiarazteko; eta 500.000 euro EH Bilduk landutako neurrietarako.

Iraolak gogora ekarri du azken urteetan jeltzaleekin adostu dituztela aurrekontuak, baina 2016tik lehen aldia dela EH Bildurekin ituna egiten dutela.

PSEren eta koalizio soberanistaren arteko harremana udaletxean "ona" dela esan du eta batez ere "gai sozialetan" bat datozela azpimarratu du.

EH Bildurekin egindako akordioak hiru oinarri dituela azaldu du: enplegua mantentzea, herritarren gutxiengo beharrizanak bermatzea eta sektore kaltetuenei laguntzak ematea, hala nola, ostalariei eta merkatari txikiei.  

EH Bilduk elkarrizketarako gaitasuna nabarmendu du

Bestalde, Gorka Errasti EH Bilduko zinegotziak azpimarratu du PSErekin egindako akordioak "neurri sozialak indartzen" dituela, eta koalizio soberanistak elkarrizketarako eta itunak egiteko borondatea duela berretsi du, "betiere herritarren bizi-kalitatea hobetzeko bada".

Akordio horri esker, Emakumearen Etxea Isasi eraikinera eramateko proiektua gauzatuko dela adierazi du, Errebaleko garajeen salmentarekin lortutako diruaren zati bat horretara bideratzeko konpromisoa hartu duelako PSEren Udal Gobernuak.

"Eskertzekoa da PSEk aurrekontuak gurekin negoziatzeko eta gure proposamenak kontuan hartzeko izan du prestutasuna", erantsi du.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Gipuzkoa Eibar Euskal Autonomia Erkidegoa EH Bildu PSE-EE Eguneko albisteak Albisteak