Politika -

Memoria

Ezenarro: "Iraganean gertatutako edozein eskubide urraketa bidegabea izan zen"

Ezin da etorkizuna "amnesian" eraiki, "zulo etiko" bat sortzen duelako, Gogora Institutuko zuzendariak adierazi duenez. "Kontua ez da kontakizunaren borroka irabaztea", erantsi du.

Aintzane Ezenarro Gogora Institutuko zuzendaria. EiTB Mediako bideo batetik ateratako irudia.
Aintzane Ezenarro Gogora Institutuko zuzendaria. EiTB Mediako bideo batetik ateratako irudia.
Aintzane Ezenarro Gogora Institutuko zuzendaria. EiTB Mediako bideo batetik ateratako irudia.

E. L. | EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aintzane Ezenarro Gogora Memoria, Elkarbizitza eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendariaren hitzetan, “duela gutxiko iraganari begiratzea zailagoa da, baina asmatzeko modu bat dago: perspektiba etikotik abiatzea”. Zentzu horretan, “iraganean gertatutako edozein oinarrizko eskubide urraketa bidegabea izan zen”, azpimarratu du.

Gainera, Euskadik dagoeneko Gerra Zibilean hildako pertsonen datu base bat izatea goraipatu du Ezenarrok. Gutxi barru Internet bidez kontsultatzeko aukera izango dela esan du. Ezin da etorkizuna “amnesian” eraiki, “zulo etiko” bat sortzen delako, adierazi duenez.

Bestalde, Herenegun hezkuntza programa hizpide izan du Ezenarrok Radio Euskadin. Covid-19aren pandemiaren ondorioz, ikasturte honetan aurrera eramango dela “bermatzerik” ez duela esan du.

“Hezkuntza Saila eta ikastetxeak ikasturtea aurrera ateratzeko esfortzu handia egiten ari dira. Guk guztia prest dugu hamar hezkuntza zentrotan lehen esperientzia pilotua martxan jartzeko, eta, egitea posible den unean eta Sailak egingarria ikusten duenean, aurrera eramango dugu”, uste du.

Testuinguru honetan, iraganari begiratzea konplexua izatea “normala” dela ohartarazi du zuzendariak. “Gertaturikoa gugandik zenbat eta hurbilago kokatu denboran, are zailagoa da hari begiratzea, baina horrek ez du esan nahi egin behar ez dugunik”; izan ere, gertatu diren oinarrizko eskubideen urraketak ikasgelara “normaltasunez” eraman behar dira.

"Bakea egin eta irabazteaz hitz egiten ari gara, ez da borroka bat"

Memoria eta Bizikidetza lantaldean akordio bat lortzeko erronka du Gogora Institutuak. Lana “erantzukizunarekin” egiten saiatuko direla adierazi du Ezenarrok, hori bai, lan “erraza ez” denaren jakitun.

“Denbora pasatzeak laguntzen du. Ez da gauza bera akordioa 2012an lortzen saiatzea, Legebiltzarrak lantaldea sortu zuenean, edo 2021ean egitea. Denbora igarotzeak bidegabea izan zela ikusten laguntzen du”, argudiatu du.

Zentzu horretan, “guztiak, aho batez, azken hamarkadetan Euskadin gertatutakoa bidegabea izan zela esatera heldu behar gara”, azpimarratu duenez. “Adierazpen hori ukatzea zaila da, eta egiten duenak azaldu beharko du. Inor umiliatzea ala kontakizunaren borroka irabaztea ez da kontua. Bakea egin eta irabazteaz hitz egiten ari gara, ez da borroka bat”, defendatu du.

Euskal gizarteak “iraganari modu bateratuan begiratzea” merezi du, “gertatutakoa bidegabea izan zela esan ahal izatea, ez soilik berriro gertatu behar ez dela adieraztea”, erantsi duenez.

“Etorkizuna amnesian ezin dela eraiki argi dugu, oso arriskutsua den zulo etiko bat sortzen duelako. Akordioa iritsiko da… etorkizuna amnesian ezin dela eraiki argi dugu”, errepikatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Presoak ETA Eguneko albisteak Albisteak Bakea Euskadin Memoria Historikoa Terrorismoaren Biktimak Gogora Institutuaren proiektuak