Politika -

Elkarrizketa

Gasteizko akordioa "aurrekari positiboa" da aurrekontuetarako, Erkorekaren ustez

Lehen lehendakariordeak aintzat hartu du Elkarrekin Podemosek hiriburuko aurrekontuak babestu izana, eta "jarrera irekia" eskatu du.

Josu Erkoreka, Radio Euskadiko estudioetan. Argazkia: EITB MEDIA
Josu Erkoreka
Josu Erkoreka, Radio Euskadiko estudioetan. Argazkia: EITB MEDIA

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariorde eta Segurtasun sailburuaren ustez, Elkarrekin Podemosek Gasteizko Udaleko aurrekontuak babesteko akordioa lortu izana "aurrekari positiboa" da EAEko kontuak negoziatzeko orduan. "Espero dugu akordioak lortzeko eta lankidetzarako jarrera ireki baten erakuslea izatea, aurrekari positiboa da", azaldu du. Hala, Miren Gorrrotxategi buru duen taldearekin itun lortzeko "aukera" egon badagoela iritzi dio.

Aurrekontuen negoziazioaren gaiaz harago, Segurtasun Saileko kontuak izan ditu hizpide Erkorekak Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan. Arrigunagako hondartzan topatutako gorpuzkien harira, Segurtasun sailburuak argitu du ikerketa bi bidetik ari direla garatzen. Batetik, gorpua zatikatzearen ingurukoak, eta bestetik, gorpuzkien DNAk Euskadin desagertutako pertsonen erregistroko datuekin bat egiten ote duen. Beste ikerketa ildo bat gorpuzkiak ibaian edo itsasoan bota zituzten zehaztea da: "itsasaldiak eta korronteak aztertu behar ditugu non bota zuten jakiteko".

Aintzane Pujanaren hilketaz galdetuta, Erkorekak azaldu du atxilotutako bikotea gaur igaroko dela epailearen aurrera. Antza biak errenteriarrak dira baina "azarotik Aizarnazabalgo nekazal turismoko etxean bizi ziren". Sailburuaren esanetan, "etxe horretan egin zuten legez kanpoko jaiak ez du zerikusirik hilketarekin".

Donostian, Urumeara autorekin jausita hil zen ertzainaren auziaz, sailburuak jakinarazi du onik atera zen agentea "gaur hasi behar zen lanera", eta zerbitzu publikoarekin duen "konpromisoa" txalotu du. "Auzitegiko medikuaren txostenak zehaztuko du heriotzaren zergatia, eta argituko du zelan gertatu zen ezbeharra edo zerk eragin zuen heriotza", erantsi du. Azpimarratu duenez, onik atera zen agentearen testigantzek, kameretako irudiek edota leihatilara egindako tiroek egin dute argibiderik eskaini. 

Koronabirusa hizpide hartuta, Erkorekak esan du "txertaketa kanpaina aurreikusitakoaren arabera" garatzen ari dela, "hau da planifikatuta genuen estrategia", argitu du. Osasun Ministerioak emandako datuei, bestalde, garrantzia kendu die —EAE gutxien txertatzen duen erkidegoen artean dago— eta azaldu du prozesua "luzea" dela eta garrantzitsuena "planifikatutakoarekin kontsekuentea" izatea dela.

Terrazetan erretzea debekatzearen harira, Erkorekak argitu du EAEko zerbitzu juridikoek ez dutela aholkatzen: "EAEko auzitegiak bereziki murriztaileak dira".

Azkenik, Joaquin Beltran Zaldibarko zabortegiko hondakinen artean jarraitzen duela eta, bila jarraitzen dutela nabarmendu du. "Lehentasunezko bi eremutan bilatzen ia-ia amaitu dugu. Hirugarren gune batean laster hasiko gara bilatzen. Inork ez daki zeintzuk izan ziren bere azken mugimenduak", deitoratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Ertzaintza Eusko Jaurlaritza Eguneko albisteak Albisteak Podemos Ahal Dugu Euskadi Zaldibar Sendagaiak Txertoak EAEko Aurrekontuak EAEko Udal eta Foru Aurrekontuak Erailketak Koronabirusa