Politika -

Gaztediaren legea

Diputazioek helegitea jarriko dute Gaztediaren Legearen kontra

Bizkaiko Aldundiko ordezkariaren arabera, besteak beste, gazteen 45 informazio bulego, Udalekuetarako dauden 1.600 plaza eta Uda Gazteak eskaintzen dituen 550 plaza desagertuko lirateke.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako Diputazioek Eusko Jaurlaritzak eginiko Gazteriaren lege proposamenari helegitea jartzea erabaki dute, beraien ustez lege honek diputazioek dituzten foru eskumenen aurka egiten duelako, eta horren ondorioz, adibidez, diputazioek antolatzen dituzten udalekuak beste erakunde berri baten eskuetan geratuko liratekeelako.

Gaur Bilbon eginiko prentsaurrekoan, Juan María Aburto Bizkaiko Aldundiko bozeramaileak azaldu du EAEko hiru diputazioak ados jarri direla errekurtsoa Euskadiko Arbitraje Komisioan aurkezterako orduan, legea onartuz gero gazteria arloan "foru eskumenak arriskuan" jarriko direla uste baitute.

Patxi Lopezen Gobernuak idatzitako lege proiektuak "Gernikako Estatutuak eta Lurralde Historikoen Legeak" bermatzen dituzten eskumenak urratzen dituela esan du Aburtok. Horren ustez, arau berriak ez dio "jaramonik egiten" Lurralde Historikoen Legeari, bertan agertzen baita gazteriaren inguruko politika diputazio bakoitzaren menpe egon behar dela.

"Zerbitzuak eta programak desagertzea"

Aburtoren arabera, Bizkaiko Diputaziotik gazteei eskaintzen zaizkien zerbitzu eta programak desagertzea ekarriko luke lege berri honek. Besteak beste, gazteen 45 informazio bulego, Udalekuetarako urtero eskaintzen dituen 1.600 plazak (7 eta 13 urte arteko umeentzakoak) eta Uda Gazteak (14 eta 17 urte arteko gazteentzako jarduerak udarako) eskaintzen dituen 550ak desagertuko dira aurrera egiten badu.

Ordezkariaren ustez, "ezin da ulertu Diputazioetatik hainbeste lantzen ari garen eskumen hau hartu eta oraindik sortu gabe dagoen Gazteriaren Euskal Institutura eramatea".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea