Politika -

Koronabirusa

Etxeratze agindua aurreratzea aztertuko dute arratsaldean Gobernuak eta erkidegoek

Eusko Jaurlaritzak etxeratze agindua 20:00etara aurreratzea eta topaketak gehienez lau pertsonakoak izatea nahi du. Abalosek, berriz, etxeratze agindua aurreratzeko "arazorik ez" dagoela esan du.

Bilboko hirigunea, hutsik. EFEren artxiboko argazkia
Bilboko hirigunea, hutsik
Bilboko hirigunea, hutsik. EFEren artxiboko argazkia

L.Z. | EiTB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Autonomia erkidego gehienek begi onez jo dute etxeratze agindua aurreratzeko aukera izatea. Gai hori, dena den, asteazken honetan Espainiako Osasun Ministerioarekin egingo duten bileran jorratuko dute.

Eusko Jaurlaritzak duela egun batzuk aurreratu zuen Euskadin etxeratze agindua 20:00etara edo 18:00etara aurreratzeko asmoa zuela. Ildo horretan, Iñigo Urkullu lehendakariarentzat egokiena litzateke biharko hitzorduan, Espainiako Gobernuarekin eta erkidegoekin adostuta, "ordutegiekin eta mugikortasunarekin" lotutako oinarrizko zenbait neurri ezartzea, etxeko konfinamendua saiheste aldera.

Hain zuzen ere, Urkulluren asmoa da etxeratze agindua 20:00etara aurreratzea eta gehienez lau pertsonako bilerak baimentzea. Aurretik, baina, gainerako erkidegoekin kontsultatu nahi ditu neurriok, lurralde mugakideei nola eragingo dieten jakiteko.

Lehendakariak uste du Espainiako Gobernuak ez duela horretan agintea hartuko, hau da, ez dituela erkidego guztientzako neurri berdinak ezarriko, "ez baita zentzuzkoa Estatu osoari eragingo dioten erabakiak hartzea".

Bestalde, datorren urtarrilaren 27an da biltzekoa Euskadiko Babes Zibileko Planaren batzorde teknikoa (LABI), nahiz eta Urkulluk argi duen pandemiaren bilakaeraren arabera erabakiko dutela hitzordu hori aurreratu ala ez.

"Edozein neurri" hartu ahal izatea eskatuko dio Jaurlaritzak Sanchezi

Gotzone Sagardui Osasun sailburuak baieztatu du erkidegoek "edozein neurri berehala" hartzeko aukera izatea eskatuko diotela Pedro Sanchezen Gobernuari biharko bileran, pandemiaren bilakaera "kezkagarria" dela uste baitu.

Euskal Autonomia Erkidegoan 894 kasu berri atzeman dituzte astearte honetan, aurreko egunean baino 245 gehiago, eta positiboen tasa % 8,3an dago gaur-gaurkoz.

Komunikabideen aurrean egindako agerraldian, Sagarduik azaldu du kutsatutako pertsona batek zenbat pertsona kutsa ditzakeen zehazten duen indizeak datu hobeak eman dituela azkenaldian, nahiz eta oraindik ere 1 baino altuagoa den (1,32).

"Egoera kezkatzeko modukoa da, intzidentzia tasa gorantz doalako eta, dirudienez, hurrengo egunetan ere bide horri eutsiko diolako", esan du.

Alarma egoeraren dekretua aldatu behar den galdetuta, nabarmendu du Espainiako Gobernuak erantzun beharreko galdera dela hori. "Hilabeteak daramatzagu Osasun Ministerioari eskaera hori egiten, hots, erkidegoek erabakiak hartzeko eskumen handiagoa izan dezatela eskatzen", erantsi du. Dena den, ez du aurreratu biharko bileran etxeratze agindua aurreratzea eskatuko duten ala ez.

"Ez da kontu berri bat. Beste erkidego batzuek orain egin diote eskaria, baina guk hilabeteak daramatzagu", gaineratu du.

Etxeratze agindua aurreratzeko "arazorik ez" dagoela esan du Abalosek

Jose Luis Abalos Espainiako Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda ministroak asteazken honetan adierazi duenez, "ez dago arazorik" etxeratze-agindua aurreratzeko, "guztion artean" adosten bada, hori baita "kontua".

Ministroak gobernu autonomiko guztiek adostutakoa onartzea eskatu du; izan ere, "akordiotik kanpo berezitasunak ezartzen saiatzen badira, horrek ez du zentzurik", eta hori da "batzuek egiten dutena".

Hori alde batera utzita, "akordiorik badago, ez dago arazorik" eta alarma egoeraren dekretuak berak dio Gobernuak neurri asko aldatu ahal izango dituela Kongresura joan gabe, "beraz, dramarik ere ez dago".

Errealitatearen ikuspegi "harmonikoa eta integratzailea izan behar dela" uste du, eta jarrera "fundamentalistak" ez hartzea ere gomendatu du, "askotan esaten dena ez baita neurri baten ustea, beste administrazio baten aurrean polemizatu beharra baizik, zenbait erantzukizun ezkutatzen saiatzeko".

"Desberdintasuna ez dago zertan planteatzen den, baizik eta nola planteatzen den", esan du Abalosek, eta, berariaz aipatu ez badu ere, Isabel Diaz Ayuso Madrilgo Erkidegoko presidenteak egindako adierazpenak aipatu ditu; izan ere, "Espainiako ostalaritza gehiago hondatzeko" prest ez dagoela adierazi zuen.

Illak uste du erkidegoek "nahikoa baliabide" dituztela

Salvador Illa Osasun ministroak ziurtatu du autonomia erkidegoek "nahikoa baliabide" dituztela koronabirusaren intzidentzia maila altua eteteko. Hala eta guztiz ere, etxeratze agindua aurreratzeari buruzko argudioak entzuteko prest agertu da.

Ser Cataluña irrati katean astearte honetan egin dioten elkarrizketan (Europa Press albiste agentziak jasotakoa), argi utzi du gaur egun dituzten bitartekoekin erkidegoak gai izan zirela bigarren olatua gelditzeko. Halaber, gogora ekarri du beharrezkoa dela denbora bat igarotzea neurriek eragina izan dezaten.

"Proposamenak entzungo ditut, baina neurriak ondo pentsatu behar dira eta berme juridikoa izan behar dute", azaldu du ministroak, ordu mugak Kongresuak ezarri dituela azpimarratuz. Hori horrela, alarma egoeraren dekretua aldatu beharko litzateke ordu muga horiek aurreratu edo atzeratzeko.

Osasun Ministerioarekin biltzera deitu ditu erkidegoak Dariasek

Carolina Darias Espainiako Lurralde Politikako ministroaren esanetan, Osasun Ministerioaren eta autonomia erkidegoen arteko hurrengo bileran erabakiko dute etxeratze agindua luzatu ala ez. Haren hitzetan, "aho batez" hartu beharko dute erabakia.

Onda Cero irrati katean astelehenean egin zioten elkarrizketan, etxeratze agindua 20:00etara aldatzeko Gaztela eta Leonek egindako eskariari buruz galdetu zioten, eta ministroak argi utzi zuen "erkidego guztiei" eragiten dien kontu bat dela. "Horretan ez dago zalantzarik, nahiz eta erkidego bakoitzak politikarako tarte bat duen", adierazi zuen.

Dariasek berretsi zuen orain arte Osasun Ministerioaren eta erkidegoen arteko bileretan hartutako neurriak "eraginkorrak" izaten ari direla, eta gogora ekarri zuen horien ondorioak murrizketak indarrean sartu eta 10 edo 14 egunera iristen direla.

Metatutako intzidentzia 100.000 biztanleko 25 kasutan ezartzeko Gobernuak duen erronkaren inguruan, ministroak errepikatu zuen denbora igaro behar dela neurriak eraginkorrak izan arte.

Ildo horretan, esan zuen intzidentzia ez dela leku guztietan berdina, eta Kanariak aipatu zituen adibide gisa. Han, Espainiako datu onenak izan arren, badaezpadako neurriak hartu dituzte.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Euskal Autonomia Erkidegoa Espainia Gaixotasunak argazkiak Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Koronabirusa Bigarren alarma-egoeraren amaiera LABI Euskadi