Politika -

Hirugarren aldiz

Estrasburgok Espainia zigortu du Iñigo Gonzalezen tortura salaketa ez ikertzeagatik

Gonzalezekin batera atxilotu zituzten Patxi Arratibelen eta Xabier Beortegiren kasuetan ere berdin ebatzi zuen Giza Eskubideen Europako Auzitegiak. 20.000 euroko kalte-ordaina eman beharko diote.

Estrasburgoko auzitegiaren fatxada. Argazkia: Wikimedia
Estrasburgoko auzitegiaren fatxada.
Estrasburgoko auzitegiaren fatxada. Argazkia: Wikimedia

Eider Garaikoetxea | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Estrasburgon egoitza duen Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Espainia zigortu du, hirugarren aldiz, euskal preso baten tortura salaketak ez ikertzeagatik. Oraingo honetan, Iñigo Gonzalez 2011n Guardia Zibilak atxilotutako nafarraren kasua aztertu du Auzitegiak, eta Espainiak Europako Hitzarmeneko 3. artikulua urratu zuela ebatzi du. Hala, 20.000 euroko kalte-ordaina eman beharko dio Gonzalezi, eragindako kalte moralagatik.

Gonzalezekin batera  atxilotu zituzten Patxi Arratibelen eta Xabier Beortegiren kasuetan ere berdin ebatzi zuen Estrasburgok. Kasu honetan, baina, bada ezberdintasun aipagarri bat: Gonzalezen salaketa ikertzeko agindua eman behar zuen epailea Espainiako Gobernuko Barne ministroa, alegia, Fernando Grande-Marlaska zen —aurreko bi ebazpenetan Grande-Marlaskak ez zuen kargu hori—.

Gaur emandako epaian, Auzitegiak aho batez ebatzi du Giza Eskubideen Europako Hitzarmeneko 3. artikulua urratu zuela Espainiak. Horren arabera, "inor ezin da torturatu, ezta zigor edo tratu anker edo umiliagarria eman ere".

Auzitegiak ondorioztatu duenez, salatzailearen kexuen aurrean "ikerketa sakon eta eraginkorraren falta" izan zen, aitortu badu ere Madrilgo Lurralde Auzitegiak birritan eskatu ziola instrukzio epaileari prozedura berriz zabaltzea.

Auzitegiaren ustez, Gonzalezek "unean unean eta modu zehatzean kontatu zituen jasan zituen tratu txarrak" eta uste du "gertakari larri horien aurrean, Estatuak ikerketa sakon" bat abiatu behar zuela.

Erantsi du Auzitegi Nazionaleko 3. zenbakiko instrukzio epaitegiak ez ziela erantzun gertatutakoa ikertzeko eskatuz "senitartekoek helarazitako galdeei", eta ez zuela ikerketarik agindu.

"Tortura ekintza bat egon dela esateko arrazoizko susmoak daudenean, eskumena duten aginteei dagokie ofizioz eta luza gabe ikerketa inpartzial bat hastea", ebatzi du Estrasburgoko auzitegiak.

Gonzalez 2011n atxilotu zuen Guardia Zibilak beste bost lagunekin batera. Seiei Ekineko kide izatea egotzi zieten, eta bostek torturak salatu zituzten. Auzitegi Nazionalak bi urteko kartzela zigorra ezarri zien bost auzipeturi, talde armatuko kide zirelakoan. Dena dela, ez ziren kartzelan sartu "indarkeriari uko eginda" Fiskaltzarekin akordioa lortu baitzuten. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Nazionala Politika Europa Espainia Salaketak Eguneko albisteak Albisteak Giza eskubideak Polizia indarkeriaren kasuak Giza Eskubideen Europako Auzitegia