Politika -
KATALUNIA
Atzerri Gaietako kontseilaria inhabilitatu du Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiak
Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiak urtebeteko inhabilitazioa ezarri dio Agramunteko alkatea zenean desobedientzia delitua egiteagatik, U-1eko erreferendumaren harira.
O. A. | EITB MEDIA
Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiak urtebeteko inhabilitazioa ezarri dio egun Generalitateko Atzerri Gaietarako kontseilari den Bernat Soleri, desobedientzia delitu larria egiteagatik. 2017ko urriaren 1eko erreferendumaren harira zigortu du, Agramunteko (Lleida) alkate zen garaian galdeketa egiten lagundu zuelakoan.
Gaur kaleratutako epaiaren arabera, ezingo du urtebeteko epean hautetsi izan eta ezta administrazio publikoan jardun, tokikoak, probintziakoak, autonomikoak, estatukoak edo nazioz gaindikoak direla ere. Gainera, 16.800 euroko isunarekin zigortu du.
Bernat Soleren defentsak bost eguneko epea du orain Espainiako Auzitegi Gorenean helegitea aurkezteko.
Auzitegiaren arabera, Solek, Konstituzio Auzitegiak U-1eko bozketa debekatu zuela jakinda, "bere garapenean parte hartze aktiboa eta irmoa izan zuen".
Epaileek frogatutzat hartu dute Solek erreferendumaren deialdiari buruzko Konstituzio Auzitegiaren epaiak ezagutzen zituela zuzenean, "eta, beraz, desobedientzia delituaren ohartarazpena jaso zuela".