Politika -
Auzitegi Nazionala
Segiko 15 kide berriz zigortu dituzte ETAko kide izateagatik
Segiko kideei sei urteko espetxe-zigorra ezarri die Auzitegi Nazionalak, duela urtebete igorritako epai berdinarekin. Auzitegi Gorenak erabaki hori bertan behera utzi zuen.
Erredakzioa
Segiko 15 kideri sei urteko espetxe-zigorra ezarri die berriro Auzitegi Nazionalak, duela urtebete igorritako epai berdina errepikatuz. Auzitegi Gorenak erabaki hori bertan behera utzi zuen. Defentsak eskatuta egindako frogak ez zituen kontuan hartu aurreneko epai horrek.
Akusatu bakoitzarentzako zuribide-frogak zerrendatzen ditu epaiak, iragan urrian Gorenak agindu bezala. 2010eko ekainean egindako epaiketan egin ziren froga horiek.
2010eko urrian igorritako ebazpenean egin bezala, Ekaitz de Ibero, Pello Maria Lamarca, Mikel Arretxe, Unai Perez, Egoi Alberdi, Oier Lorente, Adur Fernandez, Aitor Olaizola, Asier Mariezkurrena, Imanol Ander Vicente, Nahikari Otaegi, Urko Picaza, Beñat Apalategi, Igor Alvarez eta Ekaitz Ezkerra zigortu ditu Auzitegi Nazionalak banda armatuko kide izateagatik.
Angel Hurtado presidenteak eta Julio De Diego eta Enrique Lopez magistratuek osatutako epaimahaiaren arabera, zigortuek talde ezberdinak osatzen zituzten Donostian, Segiren barnean, eta kale-indarkeria ekintza ezberdinetan parte hartu zuten, "herritarrak beldurtzeko helburuarekin", 2007ko urria eta abendua artean atxilotu zituzten arte.
Erakunde terroristako kide direla "frogatzen dute" probek, epaileen hitzetan. "Kide egonkorrak ziren eta kale-indarkeria ekintzak egiteko aginduak egitura jerarkiko baten eskutik jasotzen zituzten".