Politika -
Azaroak 20
Igande honetan 1.775.537 hauteslek eman dezakete boza Euskadin
Hauteskunde prozesuan 124 milioi euro gastatu dira, 2008koetan baino % 5,8 gutxiago; izan ere, eta besteak beste, aurrekoetan baino 600 milioi papeleta gutxiago inprimatu dira.
Erredakzioa
Hauteskunde orokorretan boza emateko 1.775.537 hautesle daude deituta EAEn, 2008an baino gehiago, izan ere orduan 1.781.140 hautesle deitu zituzten, Gobernuko Delegaritzak jakitera eman duenez.
Lurraldeka, Araban 250.742 lagunek dute bozkatzeko aukera; 246.383 Espainian bizi dira eta 4.359 berriz, atzerrian.
Gipuzkoan 575.332 hauteslek eman dezakete boza, horietatik 20.427 atzerrian bizi dira.
Bizkaian 920.993 hautesle zenbatu dira Espainian eta 28.470 atzerrian, beraz, denera 949.463 hautesle bizkaitar daude deituta.
Denera 18 diputatu aukeratuko dira (8 Bizkaian, 6 Gipuzkoan eta 4 Araban) eta 12 senatari (4 probintzia bakoitzeko).
Aurrekontu txikiagoa
Hauteskunde orokorrek 124 milioi euroko aurrekontua dute, 2008ko hauteskundeek baino % 5,8 gutxiago, Pilar Gallego Barne Ministerioko idazkariordeak iragarritakoaren arabera. Gallego Felix Monteira Estatuko Komunikazioko idazkariarekin batera agertu da prentsaurrekoan hauteskundeen inguruko xehetasunen berri emateko.
Gastuen murrizketa horretan zerikusi handia izan du 600 milioi papeleta gutxiago inprimatu direla. Horrekin hirumilioi euro aurreztu dira. Senaturako papeletak ere txikiagoak dira oraingoan, Gallegok azaldu duenez.
Hausnarketa-eguna
Kongresurako eta Senaturako euskal hautagaiak hausnarketa-eguna senitartekoekin eta lagunekin atseden hartzeko aprobetxatu dute.
EAJn, Josu Erkoreka Kolitza mendira igo da senitartekoekin eta Balmasedako Mendi Taldeko hainbat kiderekin batera. Arantza Tapia ere mendira joan da paseatzera senarra eta txakurrarekin.
Hautagai sozialistek senitartekoekin bazkaldu dute. Eduardo Madinak erosketa batzuk egin ditu. Odon Elorzak, ordea, Iruneko Oiasso Museora bisita egin du.
Alderdi popularrean, Jose Eugenio Azpiroz hautagai gipuzkoarrak Donostiatik zehar paseo lasai bat eman du.
UPyDko hautagaiak familiarekin egoteko tartea hartu dute.
Amaiurren, Iñaki Antigüedad txanpiñoiak hartzera joan da mendira eta "txikito pare bat" hartzeko aprobetxatu du eguna senitarteko eta lagunekin batera.