Politika -

Hauteskundeak A20

Nafarroako alderdien erreakzioak

Barcinak esan du koalizioa "positiboa" izan dela; Moscosok (PSN) adierazi du erakutsi dutela bigarren indarra direla; "eskua luzatzen" duela nabarmendu du Cuadrak (Amaiur).

Nafarroako alderdiek adierazpenak egin dituzte. Irudia: EITB
Nafarroako alderdiek adierazpenak egin dituzte. Irudia: EITB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

UPNYolanda Barcina UPNren presidente eta Nafarroako presidenteak esan duenez, hauteskunde orokorren emaitzak ikusita "egiaztatu ahal izan da" UPN-PP koalizioa hauteskundeetan aurkeztea "positiboa" izan dela eta "beste behin ere nafarrek UPN-PPrengan jarri dutela konfiantza".

Koalizioak lehenengo indarra izatea lortu du foru erkidegoan, bi eserlekurekin, baina esan du hirugarrena lor lezaketela (2008an baino bat gehiago), posta bidez eginiko bozen arabera. Aulki hori Geroa Bairentzat da, baina gutxigatik.

PSNJuan Moscoso PSN/PSOEren Kongresurako hautagaiak nabarmendu duenez, hauteskunde orokorretan lortutako emaitzetan ikusten denez lehen zituen bi eserlekuetatik bat galdu dute, baina erakutsi dute Nafarroako bigarren indarra direla.

2008an baino 45.000 boz gutxiago jaso dituzten arren, hautagai sozialistak alderdiaren egoitzan esan du Nafarroako hautesleria ezkertiarra alderdi sozialistaren alde egon dela beste behin ere.

AmaiurSabino Cuadra Nafarroako Amaiurreko hautagaiak poztasuna azaldu du foru erkidegoan lortutako eserlekuagatik, eta esan du "eskua luzatzen diela batasun honetan sartu ez direnei", EAJ eta Geroa Bai alderdietan pentsatuta.

Amaiurrek Euskadin 6 aulki eta Nafarroan beste bat lortu dituela ezagutu ostean Cuadrak Iruñeko Labrit pilotalekuan bilduta zeuden jendeari zuzendu zaio esateko "lehenengoz lau lurralde historikoen" (Nafarroa eta hiru euskal probintzia) ordezkaritza "sendoa, bateratua" izango dutela.

Geroa BaiUxue Barkos Geroa Bairen zerrendaburuaren arabera, bere koalizioak Nafarroako mapa politikoa aldatzea lortu du hauteskunde orokorretan, eserleku bat lortu duelako, nahiz eta posta bidezko bozek kendu ahal dioten.

% 99,99 zenbatuta zegoenean, Barkosek alderdikideen, jarraitzaileen eta hedabideen aurrean azaldu da irribarretsu, hunkituta eta, beste hainbat alderdikide bezala, begietan malkoak zituela.

Izquierda-EzkerraPablo Archel Izquierda-Ezkerraren hautagaiak bere alderdiak bozen % 5,52 jaso duela jakin ostean esan du, jasotako babesak argi erakusten duela foru erkidegoan "ezkerrak lekua" duela eta udal-hauteskundeetatik ona "errotu" egin dela.

Archelek nabarmendu duenez, Izquierda-Ezkerrak, aulkirik lortu ez duen arren, udal-hauteskundeetan jasotako 18.000 botoak mantendu ditu, estatu mailako hauteskunde hauetan "beste alderdi batzuek boto erabilgarria emateko egindako deiak eragin handia izan duela eta erabakigarria izan dela, eta baldintza horiek egon izan ez balira, are emaitza hobeak lortuko zituzkeela".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea