Politika -

2020ko Sabino Arana Sariak

Ezohiko sari banaketa egin du Sabino Arana Fundazioak, pandemiaren eraginez

Remei Sipi emakume afrikarren defendatzailea, Jose Barreira industrialaria, Amaia Gorostiza Eibarko presidentea, Juan Antonio Urbeltz antropologoa eta Bilboko Mediku Zientzien Akademia saritu ditu.

Sabino Arana Fundazioak saritutako bostak, Mireia Zarate eta Andoni Ortuzarrekin. Argazkia: EFE
Sabino Arana Fundazioak saritutako bostak, Mireia Zarate eta Andoni Ortuzarrekin.
"Gizartea zerbitzatzeko borondatea erakutsitakoak" saritu ditu Sabino Arana Fundazioak

1:42

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2020ko Sabino Arana Sariak banatu ditu Fundazioak. XXXII. edizioko sari banaketa Bilbon duen egoitzan egin du, eta ez, ohi bezala, Arriaga Antzokian, pandemiaren eraginez.

Remei Sipi idazle eta emakume afrikarren aldeko ekintzailea, Jose Barreira Euskadin bizi den industrialari galiziarra, Amaia Gorostiza enpresaburu eta Eibar Kirol Elkartearen presidentea, Juan Antonio Urbeltz antropologo eta folklorista eta Bilboko Mediku Zientzien Akademia saritu ditu Sabino Arana Fundazioak.

Mireia Zarate Fundazioko presidenteak, bere lehenengo sari banaketan Juan Mari Atutxaren lekukoa hartu zuenetik, "elkartasuna, hurbiltasuna eta itxaropena" helarazi die mundu osoan pandemiaren ondorio larrienak sufritu dituztenei.

Gazteak ere gogoan izan ditu Zaratek, "gutxiengo berekoi baten gizalegearen aurkako jarreragatik, erdeinatu, estigmatizatu eta seinalatua izan delako. Bidenabar, esan beharra dago, euskal gazteriaren gehiengo handiak eta solidarioak gutxi batzuen jokabide hori irmoki gaitzesten eta arbuiatzen dugu. Gaur, Sabino Arana Fundazioaren presidente gisa egin dudan lehen hitzaldi honetan, Euskadiko gazteen alde berba egin eta haien alde jokatu gura dut", gehitu du.

Saridunek "gaur pairatzen ari garen osasun-, gizarte-, ekonomia- eta sentimendu-krisi hau gainditzeko aukera emango diguten balioak" erakusten dituztela azpimarratu du, eta esan du pandemiak "ez gaituela geldituko".

Bost saritu

Remei Sipi idazleak eta emakume afrikarren aldeko ekintzaileak hartu du lehenengo saria. Hitzaldian, Afrikako emakume guztiekin partekatu du saria, eta, bereziki, "euren eguneroko ahaleginen bidez, gure gizarteen etorkizuna handitzeko aukera ematen duten migratzaileekin".

"Eta, oro har, gurekin ibili diren eta ibiltzen diren emakume guztiekin, gure errealitateak ikusarazten eta, guztien artean, gizartearen ikuspegitik bidezkoagoak eta berdinkideagoak diren jendarteak erdiesten laguntzen, gizarte horiek guztiak gure ekarpenei esker aberastu direla kontuan hartuta", gehitu du.

Saria jasotzen bigarrena, Jose Barreira, Galiziako Atreve herrixkan jaio zen, baina Euskadin eman ditu azken 40 urteak. Besteak beste, garraioa, siderurgia, hodiak, logistika, energia berriztagarriak eta ostalaritza sektoreei lotutako enpresa-ekimenak gidatu ditu bere ibilbide luzean.

Bere hitzaldian esan duenez, "arrakasta ez da zerutik erortzen; arrakasta ahaleginaren, lanaren eta, askotan, familiari orduak kentzearen emaitza da, bai, halaber, zeregin eta negozioak partekatu ditudan hainbat eta hainbat pertsonen konfiantza eskuratzearen emaitza".

Amaia Gorostiza enpresariari eta Eibar futbol taldeko presidenteari eman diote hirugarren saria, "enpresaren arloan gisa nahiz futbolaren munduan darabilen kudeaketa-eredu bikainagatik, argiro erakutsi baitugu berdintasuna lorgarria dela horren maskulinizatuta dauden kirol eta enpresa esparruetan".

Bere hitzaldian, saria "kide izan naizen eta orain banaizen kolektibo guztietan ezartzen saiatu naizen balioen eta giza harremanen inguruko aintzatespena" dela adierazi du Gorostizak. Bere ustez, arrakastaren gakoa "pertsona zintzoez eta profesional bikainez inguratuta egotea da".

Juan Antonio Urbeltz antropologo eta folkloristaren ibilbidea ere saritu du Fundazioak. Bere saria 2018an hil zen Marian Arregi emaztearekin parekatu du.

"Gure dantza tradizionaletan sakontzeko interesa piztu zidan patua, emaztearekin maitemintzera eraman ninduen bera, Carl Gustav Jung psikoanalista suitzarrak sinkronizitatea deiturikoa da. Sinkronizitatea gertatzen da arrazoi jakin bat pentsaezina denean bakarrik. Dantzarekin eta, beraz, emaztearekin dudan harremanak hasiera berezia izan zuen ", esan du.

Azkenik, Bilboko Mediku Zientzien Akademiaren konpromisoari ere saria eman dio Fundazioak, "gure osasun-profesionalen gaikuntza hobetzeko eta erakundeei aholkuak emateko egindako ahalegin apartak" egiteagatik. 125 urte bete zituen akademiak 2020an.

Gaur egungo egoeran, Ricardo Franco presidenteak nabarmendu du orain dela urtebete Txinan gertatzen ari zena ezagutu zuenetik, "osasun-sistemak aurre egin behar izan diola azken hamarkadetako osasun-erronkarik handienari, eta horri esker ikaspen baliotsuak eta mingarriak izan ditugu gure osasun-sistema hobetzeko eta etorkizunean etor daitezkeen agerraldien aurrean modu eraginkorragoan erantzuteko".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Afrika Politika albisteak EAJ-PNV Bilbo Gizartea Eguneko albisteak Albisteak SD Eibar