Politika -
Hauteskunde orokorrak
PSOEk eta PPk nazioarteko goi-bileren jarrerak adostuko dituzte
Jaureguik eta Saenz de Santamariak hasiera eman diote botere aldaketari, Moncloa Jauregian egindako lehen bileran.
Erredakzioa
Hori da, hain zuzen ere, botere aldaketa abiatzeko Ramon Jauregui Presidentziako jarduneko ministroak eta Soraya Sanz de Santamaria PPren bozeramaile ohiak gaur egindako lehen bileran adostutakoa.
Presidentzia Ministerioak agiri batean jakinarazi duenez, Gobernuak bere ohiko kudeaketen berri emateko bideak adostu dituzte.
Horren ildotik, jarduneko Gobernuak hartu beharreko "erabaki politikoak" ere PPri jakinaraztea itaundu dute.
Gobernu berria, Gabonak baino lehen
Rajoyk Gabonak baino lehen izan nahi du prest Gobernua. Gorte Orokorrak abenduaren 13an osatuko dituzte, eta egun horretan parlamentarioek eta senatariek kargua hartuko dute eta bi Ganberetako presidenteak eta Mahaiak izendatuko dituzte.
Gobernuburu berriaren inbestidura abenduaren 20an eta 21ean egingo dute seguru aski, Juan Carlos I.goa erregea ordezkaritza lortu duten alderdi guztiekin batzartu eta gero.
Rajoy, isilik inbestidura saioa arte
Bien bitartean, Mariano Rajoyk inbestidura saioa arte ezer ez esatea erabaki du.
Oraingoz, buruzagi 'popularra' aurrekontuak aztertzen ari da, ekonomiaren egoera zehatza ezagutzeko.
Gobernua nortzuek osatuko duten ezagutaraztea eskatu dioten arren, batik bat ekonomia arloan, Rajoyk epe formalak agortu nahi ditu, eta ez du izenik aurreratuko karguaren zina egin arte.
Nolanahi ere, baliteke neurri edo krisiari buruzko ideia batzuk aurreratzea abenduan, Marsellan (Frantzia) Europako Alderdi Popularrak egingo duen bileran.
Batzar horietan gobernuburu eta estatuburu kontserbadore guztiek hartuko dute parte. Horrenbestez, hurrengo gobernuburu espainiarra Angela Merkel Alemaniako kantzillerarekin izango da lehen aldiz.
Zapatero eta Rajoy, Moncloan
Jose Luis Rodriguez Zapaterok eta Mariano Rajoyk lehenbailehen izango dute beren lehen bilera Moncloan boterearen eskualdaketa gauzatzeko.
Gobernuak boterearen eskualdaketa-prozesu hori eredugarria izatea nahi du; eta ildo horretan,, hauteskunde orokorretako irabazleari Moncloak emandako laguntza inork ez zalantzan jartzea nahi du.
Aurreko kasuetan baino arinago biltzeko asmoa daukate Zapaterok eta Rajoyk.
2004an hamaika egun pasa ziren Jose Maria Aznar jarduneko presidentea Jose Luis Rodriguez Zapaterorekin Moncloan bildu zen arte.