Politika -
Auzitegi Konstituzionala
'Bateragune' auziko epaiketa ez errepikatzeko helegitea jarri dute Konstituzionalean
Arnaldo Otegi eta gainerako auzipetuen defentsak azpimarratu du zigorrak osorik bete zituztela eta pertsona bat ezin daitekeela gertakari beragatik bi aldiz epaitu.
EITB MEDIA | AGENTZIAK
'Bateragune' auziko epaiketa errepikatzeko erabakiaren aurka helegitea aurkeztu du Espainiako Auzitegi Konstituzionalean Arnaldo Otegi eta gainerako auzipetuen defentsak, Europa Press agentziak zabaldu duenez.
Arnaldo Otegi, Rafa Diez Usabiaga, Arkaitz Rodriguez, Sonia Jacinto eta Miren Zabaleta berriro epaitzeko agindua eman zuen Auzitegi Gorenak, Batasunaren zuzendaritza osatzen ahalegindu zirela leporatuta.
Gaur aurkeztutako errekurtsoa aztertu bitartean, Gorenak hartutako erabakia behin-behinean baliogabetzea eskatu du defentsak.
Halaber, auzipetuek kartzela-zigorrak osorik bete zituztela gogoratu du helegitean. Otegik eta Usabiagak sei urte eta erdi eman zituzten espetxean; Jacintok, Zabaletak eta Rodriguezek, berriz, seina.
Ildo horretan, pertsona bat ezin daitekeela gerkatari beragatik bi aldiz epaitu dioen printzipioari heltzen dio defentsak, naiz.eus atariak argitaratu duenez.
Giza Eskubideen Europako Auzitegiak 2018ko azaroan ebatzi zuen 2011n Auzitegi Nazionalean egin zen epaiketa berme juridiko nahikorik gabe burutu zela, akusatuei epaiketa justu bat izateko eskubidea urratu zitzaielako.
Auzitegi Gorenak Estrasburgoren ebazpena onartu zuen eta 2020ko uztailaren 31n baliorik gabe utzi zuen 2012ko epaia. Alabaina, hilabete batzuk geroago, abenduaren 14an, epaiketa errepikatzeko agindua eman zuen Gorenak.