Politika -
Biktimak
ETAren biktimen memoriarako zentroa aldarrikatu dute
Fernando Buesa Fundazioak eta Bakeaz elkarteak ohartarazi dute "atzean uzteko tentazioa" egon daitekeela euskal gizartean "abertzaleen nagusitasuna" dela eta.
Erredakzioa
Fernando Buesa Fundazioak eta Bakeazek ETAren biktimen memoriarako zentro bat sortzea aldarrikatu dute "atzean uzteko tentazioa" dagoelako euskal gizartean "abertzaleen nagusitasuna" dela eta.
Bi elkarte horiek, Terrorismoaren Biktimen Fundazioarekin eta Euskal Herriko Unibertsitateko Historia Garaikideko Departamentuarekin batera, "Memoriaren lekua" izeneko seminarioa antolatu dute gaurko eta biharko Bilbon. "Presio politikorik gabe" memoriaren zentro bat sortzeari buruz eztabaidatzea da mintegiaren helburua. Horretarako, Europako eta Latinoamerikako memoriaren zentroetatik etorritako sei ordezkarik hitz egingo dute.
Jesus Loza Fernando Buesa Fundazioaren presidenteordeak azpimarratu du oso garrantzitsua dela gertatu denaren kontaketa hildako biktimen memorian oinarritzea, haien senideekin edo zaurituekin "konponketarako neurriak ezar ditzakegulako". "Baina hildako biktimei eman diezaiekegun konponketa bakarra haien memoria elkarbizitzarako erabiltzea izan daiteke", gaineratu du.
Euskadiren elkarbizitza "totalitarismoan eta bazterketan" ezin dela eraiki azpimarratu ondoren, Lozak azaldu du "ahal bezain laster" hartu behar direla memoriarako neurriak. Izan ere, "badaude ahaztu nahi dutenak edo gatazkaren teorian oinarrituta historia berridatzi nahi dutenak".
Era berean, Lozak ETAren amaierari buruzko ibilbide orri bat eskatu du, presoez eta errefuxiatuez hitz egiteaz gain "memoriaz eta terrorismoaren biktimen esanahi politikoaz" jarduteko.