Politika -
Erabakia
Bizitza politikoaren aitzin-lerroa utziko duela iragarri du Blancok
Otsailean egin beharreko Kongresu Federalean alderdiko bigarrena berriro izateko hautagai gisa aurkeztuko ez dela adierazi du PSOEko Antolamendu idazkariordeak.
Erredakzioa
Bizitza politikoaren aitzin-lerroa utziko duela iragarri du gaur Jose Blanco PSOEko Antolamendu idazkariorde eta Sustapen ministroak. Gainera, otsailean egin beharreko Kongresu Federalean alderdiko bigarrena berriro izateko hautagai gisa aurkeztuko ez dela adierazi du.
Television Española telebistan egindako elkarrizketan, dagoeneko Jose Luis Rodriguez Zapaterok eta Alfredo Perez Rubalcabak erabakiaren berri zutela jakinarazi du Blancok. Bere garaian jakinaren gainean jarri zituela azaldu du politikari sozialistak.
Konkretuki, Zapaterok presidentegai sozialista ez izateko erabakia hartu zuenean Blancok bere erabakiaren berri eman zion Gobernuko presidenteari. Azken hauteskunde-kanpaina zuzendu behar ez zuela esan zion Rubalcabari, eta bide batez politikaren aitzin-lerroa uzteko asmoa zuela jakitera eman zion.
Ondorioz, azaroaren 20ko hauteskundeetako emaitzak ezagutu baino lehen hartutako erabakia dela errepikatu du Blancok.
'Campeon Auzia'
Bere erabakiak 'Campeon Auzia'ren ikerketa judizialarekin loturarik ez duela azaldu du PSOEko buruzagiak.
10 urte baino gehiago Zapaterorekin alderdiko bigarrena izan dela gogorarazi du agintari sozialistak. Horregatik, politika nazionaleko aitzin-lerroan ez jarraitzeko unea heldu dela uste du Blancok.