Politika -

Kontrolerako saioa

Patxi Lopez Rajoyrekin bilduko da indarkeriaren amaiera aztertzeko

Rajoyk ETAren desarmearen eta espetxe politikaren inguruan dituen asmoak zeintzuk diren jakin nahi du lehendakariak, ondoren "puzzlea osatzeko" pausoak zehazteko.

Patxi Lopez lehendakaria. Argazkia: EFE
Askatasuna finkatzeko Rajoyrekin bilduko dela esan du Lopezek

00:54

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Patxi Lopez lehendakariak ETAk bere jarduera armatua behin betiko amaitzeko erabakiaren berri eman eta gero ireki den "askatasun eta elkarbizitza etapa berria finkatzeko" ekimen zehatzak aurkeztuko dituela esan du, baina aurretik Mariano Rajoy presidente hautetsiarekin bilduko dela esan du. Lehendakariak argudiatu duenez, Espainiako Gobernuaren esku daude horretarako ezinbestekoak diren hainbat eskumen, espetxe politika esaterako.

Patxi Lopezek ETAren adierazpenaren ondoren EAEko indar politiko guztiekin bilerak egin ditu, tartean Bildurekin, eta baita sindikatu, enpresari edota terrorismoaren biktimen ordezkariekin ere. Legebiltzarreko kontroleko saioan, hain zuzen, Ezker Batuak orain hiru aste amaitutako bilera txanden inguruan galdetu dio, eta bere ondorioen eta gertuko planen berri emateko eskatu dio.

"Bileren ondorioak guztioi zeintzuk diren azaltzeko eta ondorio horietan oinarrituta neurri zehatzik hartzeko asmorik ba ote duzun esateko gai izango zarela espero dugu",esan dio Mikel Arana legebiltzarkideak.

Patxi Lopezek planteamendu zehatzak egiteko lehenik Rajoyrekin bildu behar duela adierazi du, ETAren desarmearen eta espetxe politikaren inguruan dituen asmoakzeintzuk diren jakiteko, eta, horrela, "puzzlea osatzeko".

ETAren jarduera armatuaren ondoren "elkarbizitza eta askatasuna" finkatzeko egin beharreko lanak, horren arabera, terrorismoaren ondorioak konpontzera zuzenduta egon behar du. Horretarako, baina, funtsezkoak izango dira, horren ustez, "ETA desarmatzea eta betiko desagertzea, aurrera egiten lagunduko duen espetxe politika bat bideratzea eta betebehar demokratiko guztiak betetzen dituzten aukera politiko guztiak legeztatzea".

Lehendakariak azpimarratu duenez, alor horietan hartu beharreko erabaki asko Espainiako Gobernuari dagozkio. "Espainiako hurrengo presidentearekin hitzordua egin dut iritziak elkarri eman eta sintonia handienarekin gai honetan aurrera eraman beharreko jarduerei ekiteko.

Rajoyrekin bildu ostean eman beharreko pausoak zeintzuk diren azalduko dituela esan du Patxi Lopezek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea