Politika -
Elkarrizketa Radio Euskadin
PPk dio ezker abertzalearen esku dagoela kartzela-politika aldatzea
Horretarako, "egindako kaltea" aitortzea eta ETAk "armak entregatzen dituela" ziurtatzea eskatu du Antonio Basagoiti PPren EAEko presidenteak.
Erredakzioa
Antonio Basagoiti PPren EAEko presidenteak esan du ezker abertzalearen esku dagoela kartzela-politika aldatzea eta horretarako "egindako kaltea" aitortu eta ETAk "armak entregatzen dituela" ziurtatu behar duela azaldu du. Era berean, ezker abertzaleak "egindako kaltea" aitortzea "terrorismoaren kontrako txertoa" izango litzatekeela gaineratu du.
Radio Euskadin egin dioten elkarrizketa batean azaldu duenez, Mariano Rajoy Gobernuko presidente izango denak alboan izango du EAEko PP eta lehendakariarekin "leialtasunez" jokatu omen du.
"Euskal gizarteak pentsatzen badu ETAk egindakoa ez dela gaizki egon edo helburu politikoak lortzeko balio izan duela, indarkeria idealizatzeko arriskua dago eta datozen urteetan inork erabaki dezake indarkeriara itzultzea", adierazi du Basagoitik.
PPren EAEko presidenteak esan du ezker abertzaleak biktimei "egindako kaltea" aitortzen badu "aldatu" egingo dela egoera, baina argi adierazi nahi izan du ezin direla konparatu "kartzelara bidean istripua izan eta hil den pertsona bat autoaren azpian lehergailua jarri diotenarekin".
Haren esanetan, "kartzela-politika desberdin bat lortu ahal duenak aitortu egin behar du egindako kaltea eta ETAk armak entregatzen dituela bermatu, horrek hobetu egingo luke egoera".
Jesus Eguiguren PSE-EEren presidenteak atzo egin zituen adierazpenen harira, Basagoitik esan du "exijentziak mehatxatzen aritu direnei" egin behar zaizkiela, "ez lehendakariari".