Politika -

Koronabirusa

Pandemiari aurre egiteko lege bat onartzea aztertzen ari da Jaurlaritza

Lehendakariak sinatutako artikulu baten bidez jakinarazi dute Urkulluk berak Sanchezi gutun bat igorri ziola ostiralean, erkidego bakoitzak osasun krisiari aurre egiteko ahalmena izan dezala eskatuz.

Iñigo Urkullu lehendakaria. EFEren artxiboko argazkia
Iñigo Urkullu lehendakaria
Iñigo Urkullu lehendakaria. EFEren artxiboko argazkia

EiTB MEDIA | AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pandemiari aurre egiteko lege bat onartzea aztertzen ari da Eusko Jaurlaritza, bere kabuz erabakiak hartzeko dituen baliabide juridiko guztiak agortu ostean.

Iñigo Urkullu lehendakariak idatzitako "Pazientzia eta konstantzia, lortuko dugu" artikuluak jaso du horren berri, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak tabernen irekiera baimentzeko hartutako erabakiaren berri izan eta egun gutxira.

Artikulu horren bidez jakinarazi du, halaber, Urkulluk berak Sanchezi gutun bat igorri ziola ostiralean, autonomia erkidego bakoitzak, "berme juridiko guztiekin", osasun krisiari aurre egiteko ahalmena izan dezala eskatuz.

Urkulluren esanetan, "oreka, pazientzia eta konstantzia izango dira gizartearen osasuna eta ongizatea bermatzeko gakoak". "2021eko egoera ez da 2020an bizitzakoa baino okerragoa, ezta antzekoa ere, baina nekea handiagoa da", esan du.

Agertoki horretan, euskal herritarrei mugikortasuna murriztu zaie eta senitartekoekin edo lagunekin biltzea ere mugatu zaie.

Hori horrela, nabarmendu du krisiak gehien kaltetu dituen sektoreei laguntzea eta aurrekontuak horretara zuzentzea dela Jaurlaritzaren estrategia, "ekoizpena eta enplegua indartze aldera".

Era berean, argi utzi du epe laburrean covid-19aren intzidentzia tasa txikitzea dutela helburu. Hain zuzen ere, 100.000 biztanleko 60-300 kasu bitartean kokatu nahi dute tasa hori.

"Gure erronka, dena den, 60 kasutik beherako tasa lortzea da, eta horretarako esku artean geneuzkan baliabide juridiko guztiak agortu ditugu", erantsi du.

"Edozein modutan, berme juridiko guztiekin aritzeko bitartekoak eskatzen jarraituko dugu, eta, horretarako, pandemiari aurre egiteko lege bat onartzeko prest ere bagaude", iragarri du lehendakariak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Espainiako Gobernua Pedro Sánchez Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Koronabirusa