Politika -

Elkarrizketa

Galindori agindua nork eman zion argitzea nahi du Pili Zabalak

Lasa eta Zabala hiltzeagatik zigortua izan zen guardia zibil ohia, baina familiak autoretza intelektuala argitzea nahi du. "Felipe Gonzalezek orain badaki nork ezingo duen salatu", esan du Zabalak.

Pili Zabala. EITB Mediaren bideo bateko irudia
Pili Zabala.
Pili Zabala: ''Felipe Gonzalezek orain badaki nork ezingo duen salatu''

4:29

Mikel Dominguez | Idoia Gaton | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Enrique Rodriguez Galindoren heriotzaren biharamunean, Pili Zabalak bere sentipenak azaldu dizkio EITB Mediari. Guardia Zibilaren jeneral ohia Joxean Lasa eta Joxi Zabala bahitzea eta hiltzeagatik zigortua izan zen. Joxi Zabala zenaren arrebak, gainera, Felipe Gonzalez Espainiako Gobernuaren presidente ohia epaitua izango denaren itxaropena duela azaldu digu.

Zabalak EITB Mediari azaldu dionez, atzo Galindoren heriotzaren berri izan zuenean "nire anaia etorri zitzaidan burura". Familiaren "tragediarekin" lotutako "oroitzapen triste asko" biziberritu ditu Zabalak. Lehenik, edozein kasutan, Galindoren familiari "doluminak" helarazi dizkio.

Intxaurrondoko kuartelaren arduraduna izan zen Galindo 15 urtez. "Militar bat zen, eta aginduak betetzen zituen", azaldu du Zabalak. Urte horietan, Joxean Lasa eta Joxi Zabalaren bahiketan eta hilketan parte hartu zuen, GAL taldeen Estatu terrorismoaren barruan.

Zabala familiaren egoera helarazteko eta hiltzaileari azaltzeko aukera bat emateko, Pilik bi eskutitz bidali zizkion guardia zibil ohiari. "Zaragozako etxean izan ditu nire eskutitzak, eta ez zituen irakurri nahi. Bueltan bidali zizkidan. Aukera izan zuen egindako delituez ardura edo kargu hartzeko; damua baldin bazuen, agertzeko, eta noski, familiari eragindako kalteagatik barkamena eskatzeko. Bi aukera izan zituen. Inoiz ez genuen erantzunik jaso", azaldu digu biktimaren arrebak.

Galindok 75 urteko kartzela zigorra jaso zuen Auzitegi Nazionalean, Lasa eta Zabala auzian. Lau urte eta lau hilabete eman zituen kartzelan. Osasun arrazoiengatik espetxetik atera zuten, eta handik urte batzuetara baldintzapeko askatasuna lortu zuen. Espetxe zigorraz gain, Guardia Zibiletik bota zuten. Pili Zabalaren arabera, "militar batentzako nahiko zigor handiak dira".

BIDEOA: Rodriguez Galindo, torturari lotutako gizona Euskal Herriko historian

Rodriguez Galindo, torturari lotutako gizona Euskal Herriko historian
Rodriguez Galindo, torturari lotutako gizona Euskal Herriko historian
Rodriguez Galindo, torturari lotutako gizona Euskal Herriko historian

2:13

Galindoren heriotzaren ondoren ere auziak nolabait irekita jarraitzen duela gogorarazi du Pilik. Urte askoren ondoren, oraindik egia ezagutzen ez dutela, aitortzarik ez dutela eta biktima gisa onartuta ez daudela salatu du Zabalak. "Gure hurrengo pausoa Felipe Gonzalez ikertzea da, eta jakitea nortzuk izan ziren benetan agindu horiek eman zituztenak", esan digu.

Zabalak uste du, Galindoren heriotzarekin, Espainiako Gobernuaren presidente ohiak "deskantsua" hartuko zuela. "Suposatzen dut Galindok bazekiela nork eman zion agindua, eta Gonzalezek orain badaki nork ezingo duen bera salatu", uste du.

Gonzalez ez dute inoiz epaitu Gobernuko presidentea zenean GALek egindako krimenengatik, horren inguruko "nahiko frogak eta ebidentziak" dauden arren. Zabalaren aburuz, "Gonzalez, noski, justizia baldin badago eta Estatu demokratiko batean bizi baldin bagara, epaitua izan beharko litzateke".

2021ak itxaropena ekar lezake Zabala familiarentzat. GALen atzean dagoen "erru politikoa eta morala" argitzeko Auzitegi Nazionalean aurrerapausoak eman daitezkeela uste du Pili Zabalak. "Fiskaltzatik erantzuna jaso dugu, eta argi uzten du jarraitu dezakegula esploratzen ari garen bide berri honetan, eta froga berriak agertuz gero, epaituak izan daitezkeela orain arte epaituak izan ez direnak", azaldu digu.

GALen atentatu, bahiketa eta hilketetatik lau hamarkada igaro direnean, Galindori agindua eman zioten "autore intelektualak" argitzea espero du Zabala familiak. "Felipe Gonzalez historiara pasa beharko litzateke benetan izan zenagatik. Presidentea, bai, baina talde terrorista baten arduradun nagusia ere bai", adierazi du Pili Zabalak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Espainiako Gobernua argazkiak Albisteak Gaur Eguneko albisteak Pili Zabala Felipe González albisteak GAL Polizia indarkeriaren kasuak