Politika -
TV3-en inkesta
ERCren eta PSCren arteko berdinketa, eta independentismoak gehiengoa areagotuko luke
GAD3k TV3 Kataluniako telebistarentzat egindako inkesta baten arabera, PSCk botoen % 24,5 eta 34-36 parlamentari lortuko lituzke. ERCk % 24,3ko babesa erdietsiko luke, eta 36-38 ordezkari.
E. L. | EiTB Media
GAD3k TV3 Kataluniako telebistarentzat egindako inkesta baten arabera, ERCren eta PSCren arteko berdinketa izango litzateke Kataluniako hauteskundeetan, eta independentismoak bere gehiengoa aeragotuko luke Parlamentan. PSCk botoen % 24,5 lortuko lituzke. Salvador Illa sozialistaren zerrendak 34-36 parlamentari eskuratuko lituzke. ERCk % 24,3ko babesa erdietsiko luke. Beraz, Pere Aragonesen hautagaitzak 36-38 ordezkari izango lituzke Ganberan.
JxCATek bozen 20,5 % eskuratuko lituzke. Ondorioz, Laura Borras zerrendaburuaren indar politikoak 30-33 ordezkari lortuko lituzke Parlamentan.
En Comu Podemek (Jessica Albiach) botoen % 6 lortuko lituzke, eta 6-7 ordezkari.
Vox ultraeskuineko alderdiak babesen % 5,9 erdietsiko lituzke. Ignacio Garriga zerrendaburuaren indar politikoak 6-7 parlamentari izango lituzke. Beraz, Espainiako ultraeskuinak aurrenekoz ordezkaritza lortuko luke Parlamentan.
CUP (Dolors Sabater) indar independentistak boto-paperen % 5,4 erdietsiko lituzke. Beraz, 7 ordezkari eskuratuko lituzke.
Bestalde, Ciudadanosek bozen % 5,3 bereganatuko lituzke. Carlos Carrizosa buru duen alderdiak 6-7 ordezkari izango lituzke.
Beherakadarik handiena Ciudadanosek jasango luke; izan ere, 2017ko hauteskundeetan bozen % 25,4 eskuratu zituen, eta 36 parlamentari. Igoerarik handiena, aldiz, PSCk izango luke, 2017an botoen % 13,9 eta 17 eserleku lortu zituelako.
PPk botoen % 4,6 lortuko lituzke. Alejandro Fernandezen hautagaitzak 4-5 diputatu izango ditu Kataluniako Parlamentuan.
Azkenik, PDCatek bozen % 2,5 eskuratuko lituzke. Beraz, Angels Chacon zerrendaburuaren alderdiak 0-2 ordezkari izango lituzke.
Honenbestez, PNC alderdi nazionalista berriak, Marta Pascalen alderdiak, ez luke parlamentaririk lortuko, eta Ganberatik at geratuko litzateke.