Publizitatea
Itxi

2021/02/15

14:57

Politika

KORONABIRUSA

Euskadik babes juridikoa hobetu nahi du pandemiaren aurkako legearekin

A. S. | EITB MEDIA

"Segurtasun juridikoa behar dugu jarduteko eta esku hartzeko", berretsi du Jonan Fernandez LABIko batzorde teknikoaren koordinatzaileak.

1:12
Urkullu Sanchezen erantzunaren zain dago. EITB Mediaren bideo batetik atertako irudia.
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Jonan Fernandez LABIko batzorde teknikoaren koordinatzaileak berretsi du beharrezkoa dela "estaldura juridikoa" hobetzea, covid-19aren pandemiari aurre egiteko neurriak hartu ahal izateko. Ildo horretan, "euskal lege bat sortzeko aukera aztertzen" hasiko direla gaineratu du.

EITBri egindako adierazpenetan, Fernandezek zentzu horretan hitz egin du, igandean Iñigo Urkullu lehendakariak Euskadin pandemiaren aurkako legea onartzeko aukera aurreikusten duela iragarri ostean. EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak tabernen irekiera baimentzeko hartutako erabakiaren berri izan eta egun gutxira iritsi da lehendakariaren iragarpena, Gobernuak erkidegoan hedapenari aurre egiteko dituen tresna juridiko guztiak "agortu" ostean.

"Segurtasun juridikoa behar dugu jarduteko eta esku hartzeko", berretsi du LABIko batzorde teknikoaren koordinatzaileak, eta gogorarazi du Euskadik "behin eta berriz" eskatu diola Gobernu zentralari "alarma-egoeraren dekretuak eskaintzen duen estaldura juridikoa hobetzeko, eremu jakin batzuetan esku hartu ahal izateko".

Adierazi duenez, "egun batzuk itxarongo ditugu bide horrek emaitzarik ematen duen ikusteko eta, bitartean, euskal lege bat sortzeko aukera aztertzen hasiko gara".

Jonan Fernanezek adierazitakoaren ildotik, Iñigo Urkullu lehendakariak berretsi du Pedro Sanchezen erantzunaren "zain" jarraitzen duela eta zerbitzu juridikoak pandemiaren aurkako balizko legea aztertzen ari direla. Hala ere, Eusko Jaurlaritzako iturriek gogorarazi dutenez, bigarren aukera hori garatzeko denbora gehiago beharko litzateke.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena