Politika -

Martxoaren 3ko memoriala

Memoria Gara: "Ezinezkoa zela esan ziguten, eta hemen gaude. Lehen urratsa da"

"Orain proiektua definitu eta adosteko, baliabide ekonomikoak emateko eta lan-egutegia ezartzeko dago", adierazi du kolektiboak.

Memoria Gara kolektiboaren agerraldia Gasteizen. Argazkia: Memoria Gara
Memoria Gara kolektiboaren agerraldia Gasteizen. Argazkia: Memoria Gara
Memoria Gara kolektiboaren agerraldia Gasteizen. Argazkia: Memoria Gara

E. L. | EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Memoria Garak nabarmendu duenez, Zaramaga auzoko San Frantzisko Eliza Memoriarako Espazio bihurtzeko ekimena abiatu zenean, erakundeek "ezinezkoa" izango zela iragarri zuten. "Gaur ospatzeko eguna da. Ezinezkoa zela esan ziguten, eta hemen gaude", ziurtatu dute. 1976ko martxoaren 3an Espainiako Poliziak bost langile tiroz hil zituen bertan, eta ehunka behargin zauritu ziren erasoan.

Hori bai, ohartarazi dutenez, "hau lehen urratsa baino ez dela, eta orain proiektua definitu eta adosteko, baliabide ekonomikoak emateko eta lan-egutegia ezartzeko dago".

Memoria Gara ekimena gaur -aurkeztu eta bi urte eta erdira gero- leku berdinera itzuli da (Asiseko San Frantzisko elizaren kanpoaldera), tenplua martxoaren 3ko memorial bihurtzeko sinatu den "Asmoen protokoloa" baloratzeko. Josu Santamarina eta Nerea Martinez Aranaburuzabala Memoria Garako ekimenaren partaideen eskutik izan da.

Memoria Garan parte hartzen duten beste kide batzuk, auzoko bizilagunek eta hasieratik ekimenarekin bat egin zuten hainbat arlotako pertsona ospetsuk eta sindikatuetako ordezkariek lagunduta izan da.

"Ez da Memoria Gararen lorpen bat, herri oso batek martxoaren 3ko oroimena ahanzturan ez geratzeko egindako borroka nekaezinaren emaitza baizik"

Memoria Garak ziurtatu du "diseinuaren prozesuan eta kudeaketan parte hartu" nahi duela, eta ez duela "beste eszenatokirik" aurreikusten, "munduan zehar egin diren antzeko beste memoria-proiektu batzuetan egin den bezala". Memoria Garak gogorarazi duenez "dagoeneko badute eztabaida horri ekiteko oinarri izango den proiektu bat".

Azkenik, Memoria Garak "eskerrak eman" dizkie jasotako laguntzengatik, eta azpimarratu du "ez dela Memoria Gararen lorpen bat, herri oso batek martxoaren 3ko oroimena ahanzturan ez geratzeko egindako borroka nekaezinaren emaitza baizik".

Arabako Aldundiak, Gasteizko Udalak eta Elizbarrutiak adostutako akordioa aurkeztu zuen Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politikarako sailburuak iragan ostegunean, Zaramaga auzoko Asiseko San Frantzisko elizan memoriala sortzeko. Bertan Espainiako Poliziak langileen batzarra tirokatu eta desegin zuen duela 45 urte.

Zentroak urtebetean ateak irekitzeko aukera dagoela azaldu zuen Artolazabalek, baina oraindik lan "gogorra eta luzea" dute aurretik, onartu zuenez, egun hartan gertatutakoa nola gogoratu zehazteko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Martxoak 3 Frankismoa Memoria Historikoa Terrorismoaren Biktimen Azken Ordukoa