Politika -

Bizkaia

Lekeition agertutako pintadak salatu dituzte EAJk eta EH Bilduk

Pintadak udaletxean, Batzokian, Herriko tabernan eta beste hainbat lekutan agertu dira. EAJk "antolatutako erasotzat" jo ditu, EH Bilduk uste du "lekuz kanpo" daudela.

Lekeitioko Batzokia eta Herriko tabenako pintadak.
Lekeitioko Batzokia eta Herriko tabenako pintadak.
Lekeitioko Batzokia eta Herriko tabenako pintadak.

E. L.-E.J. | EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gaur goizean Lekeitiko Udaletxean, Batzokian, Herriko tabernan zein beste hainbat tokitan agertutako pintadak salatu dituzte EAJk eta EH Bilduk. Koldo Goitia alkatearen eta Ertzaintzaren aurkako irainak idatzi dituzte, EAJ "hiltzailea" margotu dute Batzokiko fatxadan eta "beste alderdi bat besterik ez zarete", berriz, Herriko tabernan.

Pintadak "eraso antolatua" direla salatu du Bizkai Buru Batzarrak ohar batean: "Indarkeria ekintzak tokiz eta garaiz kanpo daude", eta "alderdi politiko guztien aho batezko arbuioa izan behar dute, inolako ñabardurarik gabe".

Era berean, Lekeitioko "hiri-altzarien aurkako erasoak" salatu dituzte jeltzaleek. Izan ere, 11 edukiontziri su eman diete gauean, 02:00etatik 03:00etara. Ertzaintza suteen arrazoiak ikertzen ari da.

BBBk agirian azpimarratu duenez, "erasoek elkarbizitzan eta desberdinarenganako errespetuan bidea egiten ez dute batere laguntzen, nahiz eta euskal gizartearen gehiengo zabal batek horixe eskatu, bere historiaren orrialde ilunenak atzean uzteko irrikaz".

EAJren hitzetan, "azken hilabeteetan bizitzen ari gara ezohiko egoeran ere, xantaia, mehatxua, bortxa eta irainaren bidea erabiltzen jarraitu nahi dute batzuek". "Askatasunaren eta demokraziaren kontrako erasoen egileei" berehala bukatzeko eskatu die EAJk. Azkenik, "inolako ñabardurarik gabe" gaitzesteko eskatu die indar politikoei.

EH Bilduk ere oharra kaleratu du gaur Lekeition agertu diren pintadak salatuz eta "lekuz kanpo" daudela adierazi du.

"Gaur Lekeitiko hainbat lekutan (Herrikoa, Batzokia eta udaletxea, besteak beste) agertu diren pintadak salatzen ditugu, batzuk alkatearen aurka. Horrelako gertaerak lekuz kanpo daude. Harrituta jaso dugu albistea. Arraroa ere bada Lekeitio moduko herri baten pintada horietako batzuk gazteleraz izatea" idatzi dute ("no sois nada, sois un partido más" idatzi dute Herriko tabernan).

Bizkaiko PPk ere "gaitzespen irmoa" agertu du sare sozialetan zabadutako txio batean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Ertzaintza Bizkaia Delituak Eguneko albisteak Lekeitio Albisteak Lea-Artibai azken ordukoa EH Bildu