Politika -
Auzitegi Nazionala
Uriaren hilketagatik auzipetutako ETAko bi kideek ukatu egin dute parte hartu izana
Hala ere, Ugaitz Errazkinek aitortu egin du informazioa helarazten ziela ETAko kideei.
E. G. | EITB MEDIA
Auzitegi Nazionaleko Zigor arloko 1. zenbakiko Sala Iurgi Garitagoitia eta Ugaitz Errazkin ETAko kide izandakoak epaitzen hasi da gaur Inaxio Uria enpresaburuaren hilketan parte hartu zutelakoan.
Errazkinek onartu egin du erakunde armatuari informazioa pasatzen ziola, nahiz eta ukatu atentatuan parte hartu izana.
Izan ere, biek ukatu dute epaitzen ari diren gertakarian parte hartu zutela, baina fiskalaren galderei erantzunez, Errazkinek esan du Joanes Larretxea, Manex Castro eta Beñat Aginagalde ezagutzen zituela, eta "zubi lanak" egiten zituela lehenengoaren informazioa gainerakoei helarazteko.
Gainera, lan horretan 2008an hasi zela azaldu du, Larretxeak ohar baten bidez informazioa pasatzen laguntzen hastea eskatu zionean.
Bi auzipetuek ihes egin zuten Frantziako Estatura, eta han atxilotu zituzten. Errazkinek esan du "beldurragatik" egin zuela ihes, bere izena "akusazio larrien ondoan" ikusi zuenean.
Deklaratu duten adituek jakinarazi dutenez, ikerketaren lehenengo zatian egindako probetan zehaztu ahal izan zuten hilketa zein armarekin egin zuten.
ETAko kideek bi ibilgailu erabili zituzten atentatuan, eta horietako bat Alfa Romeo gris-berdeska bat zen, pistolarekin mehatxu eginda Debako aparkaleku batean lapurtutakoa. Azpeitiara joateko erabili zuten, eta kiskalita agertu zen gero.
Beste autoa Volvo granate bat zen, lapurtutako ibilgailuaren jabea atxikitzeko erabili zutena. Bertan bahiketarako erabili zituzten hainbat objektu aurkitu zituzten, baina adituek aitortu dute ez dutela lortu horiekin auzipetutako inor identifikatzea.
Lekuko batek adierazi zuen atentatuaren ostean pistola zeraman gizon bat ikusi zuela Alfa Romeoan sartzen. Ikertzaileek autoa erre zuten tokitik gertu dagoen enpresa bateko segurtasun kameraren grabazioa ikusi zuten, eta egiaztatu zuten aldameneko errepidetik bi autoak igaro zirela, atentatua baino lehentxeago, bata bestearen atzetik.
Adituek azaldu dute ezaugarri horiek betetzen zituzten EAEko ibilgailu guztiak ikuskatu zituztela, eta azkenean, Errazkinen etxebizitzan egindako miaketa batean, Alfa Romeoa lapurtzeko erabili zuten autoaren ezaugarriekin bat egiten zuen ibilgailu bat aurkitu zuten.
Autoaren miaketan Joanes Larretxearen eta Manex Castroren DNA agertu omen zen.
Epaiketak asteartean jarraituko du lekuko gehiagoren testigantzarekin.
Fiskaltzak 49 urteko zigorra eskatzen du
Fiskaltzak 49 urte eta bi hilabeteko kartzela zigorra eskatzen du bakoitzarentzat hainbat delitu egotzita (legez kontrako atxiloketa, larderiaz auto bat lapurtzea, hilketa eta kalte terroristak egitea).
Ministerio Publikoak behin-behineko akusazio-idazkian jaso duenez, Garitagoitiak eta Errazkinek ETAren Ezuste taldea osatu zuten Joanes Larretxea, Manex Castro eta Beinat Aginagalderekin batera. Taldea 2008ko abuztutik 2009ko martxora arte egon zen jardunean, harik eta desegin zuten arte.
Zazpi hilabete horietan "Abiadura Handiko Trenaren (AHT) kontrako terrore eta larderia kanpaina" egin zuen taldeak, betiere Fiskaltzaren esanetan. Hori horrela, horrekin lotutako hainbat atentatu egin zituzten, besteak beste, Tolosako epaitegien, Iruñeko unibertsitatearen eta Santa Barbarako errepikagailuaren aurkakoak. Kanpaina horren barruan kokatu du Fiskaltzak Inaxio Uria enpresaburuaren hilketa ere. Auzitegi Nazionalak 2017an zigortu zituen Beinat Aginagalde eta Joanes Larretxea, hilketa horrengatik.
Fiskaltzaren idazkiaren arabera, 2008ko abenduaren 3an auto bat lapurtu zuten Ezuste taldearen kideek eta harekin Azpeitira joan ziren, enpresaburua topatzeko asmoz. ETAko kideetako bat autotik jaitsi zen eta Uriari "hiru tiro bota zizkion ondo-ondotik". Tiroek eragindako lesio larrien ondorioz hil zen enpresaburua.
Gaur egun deseginda dagoen ETAk 2009ko urtarrilaren 1ean hartu zuen bere gain Uriaren hilketa. Ohar batean azaldu zuenez, "Euskal Herrian inposatutako proiektu baten, AHTaren, eraikuntzan hartutako erantzukizunagatik eta iraultza zerga ez ordaintzeagatik" hil zuten.
Garitagoitia 2009an atxilotu zuten Frantziako Estatuan, eta urtebete geroago 15 urteko kartzela zigorra ezarri zioten jendarme bat tiroz zauritzeagatik. 2019ko azaroan Espainiako Estatuaren esku utzi zuten, eta urtebete geroago, 389 urteko espetxe zigorra ezarri zioten hiru atentatu leporatuta.
Errazkini dagokionez, 2021ko ekainean hartu zuten atxilo, hau ere Frantzian. 2018an Espainiaratu zuten, Frantzian zazpi urteko zigorra beteta. Urte horretan absolbitu egin zuten Lazkaoko PSE-EEren egoitzaren kontrako atentatuaren epaiketan.