Politika -

Apelazio-auzitegia

Frantziako Justiziak irailera atzeratu du Josu Urrutikoetxearen lehenengo epaiketa

Prozesua irailaren 13ra eta 14ra atzeratu dute, deklaratzekoak ziren lekukoek ezin izan dutelako bertaratu pandemiari aurre egiteko murrizketengatik.

Josu Urrutikoetxea, Parisko Apelazio-auzitegian. Argazkia: Efe
Josu Urrutikoetxea, Parisko Apelazio-auzitegian. Argazkia: Efe
Josu Urrutikoetxea, Parisko Apelazio-auzitegian. Argazkia: Efe

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Parisko Apelazio-Auzitegiak irailera atzeratu du Josu Urrutikoetxea ETAko buruzagi historiko ohiaren bi epaiketetan lehena.

Prozesua irailaren 13ra eta 14ra atzeratu dute, deklaratzekoak ziren lekukoek ezin izan dutelako Parisen bertaratu pandemiari aurre egiteko murrizketengatik.

2010ean auzitik ihesi epaitu zuten Urrutikoetxea, eta gaurkoa ordukoaren errepikapena izan behar zen. Zazpi urteko kartzela-zigorra ezarri zioten erakunde terroristako kide izatea egotzita, eta Frantziako Estatutik kanporatzea erabaki zuten.

Defentsak lekuko hauek deitu zituen gaurko saiorako: Jesus Eguiguren PSE-EEren idazkari nagusi ohia; Raymond Kendall Interpolen idazkari nagusi ohia; Gerry Kelly Ipar Irlandako politikaria eta IRAko kide ohia; eta David Harland, Giza Elkarrizketarako Zentrokoa.

2005etik 2006ra ETAren eta Espainiako Gobernuaren arteko negoziazioetan oso paper garrantzitsua jokatu zuten lauek. Urrutikoetxea ETAren ordezkari izan zen.

Eguigurenek, negoziazioetan "Espainiako Gobernuaren ordezkari" izan zenak, aurreko astean aurreratu zuen ez zela Parisera joango, eta Kendall Frantzian bizi bada ere, bere adinagatik (87 urte) eta osasun egoera ahulagatik, zalantzan dago deklaratu ahal izango duen.

Baina, Laurent Pasquet-Marinacce abokatuaren esanetan, osasun murrizketak izan dira lekukoek deklaratu ez izanaren arrazoia, eta atzerapena eskatzeko argudioa.

Urrutikoetxeak 70 urte ditu eta kontrol judizialpean dago aske osasun arrazoiengatik.

2002tik 2005era ETAren ezkutuko etxeetan aurkitutako probetan oinarritzen da Urrutikoetxearen aurkako auzibidea, baina defentsak argudiatzen du bake elkarrizketak prestatzeko hartu-emanengatik zeudela bere arrastoak etxebizitza horietan.

2011tik 2013ra ETAren arlo politikoan izan zuen paperarekin du zerikusia bigarren epaiketak, Oslon egon baitzen Espainiako Gobernuarekin negoziatzen saiatzen.

Auzi horren sumarioa instrukzio epera itzuli zuten, eta epaiketa ekainean da hastekoa.

Frantziako Justiziak, bestalde, Urrutikoetxea Espainiaratzea onartu du hainbat auzirekin lotuta, tartean 1980ko eta 1987ko bi atentaturengatik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Paris Presoak Frantzia ETA Epaiketak Eguneko albisteak Albisteak