Politika -
Txostenaren ondorioak
Francoren gorpua bere hilobitik ateratzea proposatu dute adituek
Halaber, Gobernuak izendatutako adituen batzorde honek Jose Antonio Primo de Riveraren gorpuzkia bertan mantentzea gomendatu du, gerra bitartean biktima izan zelako.
Erredakzioa
Gobernuak izendatutako adituen batzordeak Francisco Franco Bahamonderen gorpua "Valles de los Caidos"etik ateratzeko proposamena adostu du astearte honetan, ondoren diktadorearen familiak nahi duen lekuan lurperatzeko. Erabaki honek hiru kontrako boto izan ditu.
Jose Antonio Primo de Rivera Falangeko sortzailearen gorpuzkiari buruz, ordea, bertako Basilikan mantentzea gomendatu du, gerra bitartean, biktima bat izan zelako, baina gainontzeko hildakoen artean leku nabarmena izan gabe.
Batzorde honek astearte honetan aurkeztu ditu txostenaren ondorioak. Hala ere, erabakitakoa ezin izango da aurrera eraman, Gobernuak Parlamentuan adostasun handi bat lortu eta Elizak horretarako baimena eman arte.
"Francoren gorpuzkia familiak erabakitako lekura eramatea gomendatzen dugu", adierazi du txostenak. Adituek gogoratu dutenez, "gerra bitartean hil ez zen eta Basilikan lurperatuta dagoen bakarra Franco da".
Bailararen gainontzeko zatiak Estatuaren eskumena dira beraz, lekuari esanahi berri bat emateko aholkua egin dio batzordeak Gobernuari, gerrako alde biko biktimei omenaldia egiteko, hildako guztien izenekin mural bat ala "interpretazio zentro" bat sortuz, esaterako. Izan ere, txostenaren egileek azpimarratu dutenez, "orain arte memoria alde bakarrekoa izan da".