Politika -
Ikerketa
Bilbon azkenaldian izandako istiluak antolatuta ote zeuden ikertzen dabil Jaurlaritza
Bingen Zupiriak ziurtatu du Ertzaintza ikerketa sakona egiten ari dela, baina oraindik ez dakitela nor dagoen Bizkaiko hiriburuko istilu horien atzean.
EiTB MEDIA | AGENTZIAK
Eusko Jaurlaritzak ikerketa abiatu du azkenaldian Bilbon izandako istiluak argitze aldera, dela kale-edanagatik sortutako liskarrengatik, dela Pablo Hasel rap musikariaren aldeko protestetan izandako sesioengatik. Bi gertakari horiei buruz esan du ez dakiela nor egon litekeen istilu horien atzean. Edozein modutan, gaitzetsi egin ditu "jazoera biolento" horiek, eta aurreratu du ez dutela covid-19ak herritarrengan eragindako ezinegonarekin nahiz eredu polizialarekin zerikusirik.
Gasteizen egindako Gobernu Kontseiluaren osteko bileran, Bingen Zupiria Jaurlaritzako bozeramaileak ziurtatu du Ertzaintza ikerketa sakona egiten ari dela, baina oraindik ez duela horren gaineko informaziorik.
Zupiriak adierazi du Jaurlaritzak hizpide izan dituela EAEn azken asteetan izandako liskarrak, eta gogora ekarri du Iñigo Urkullu lehendakariak "irmoki" gaitzetsi dituela "adierazpen biolento guzti horiek".
Atzo bertan, Bilbon igandean izandako istiluen harira, haserre agertu zen lehendakaria.
Gairik nahastu gabe
Gertakari horiekin zerikusirik ez duten iruzkinek ikerketari mesede egiten diotela uste du Zupiriak.
"Gertakari biolentoak mintzagai ditugunean, horietan jarri beharko genuke arreta, eztabaida desbideratu gabe, alegia, eredu poliziala edo pandemiak herritarrengan eragindako egonezina tartean sartu gabe", gaineratu du.
Jaurlaritzako bozeramailearen iritziz, "eztabaida ezberdinak ari dira nahasten, nahiz eta batak eta besteak zerikusirik ez izan. Askotan ez du zentzurik gauzak nahasteak", berretsi du.