Politika -
POLIZIAREN BIKTIMAK
Francisco Javier Nuñez polizia abusuen biktima aitortu du Espainiako Gobernuak
Memoria Demokratikoko estatu idazkariak harrera egin dio Francisco Javier Nuñezen alabari, Madrilen. Espainiako Poliziak jipoitu egin zuen eta errizino olioa eta koñak litro bana edatera behartu zuen.
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Fernando Martinez Espainiako Gobernuko Memoria Demokratikoko Estatu idazkariak Ines Nuñez de la Parteri, Francisco Javier Nuñez zenaren alabari, harrera egin zion atzo, Madrilen, Espainiako Gobernuak EAEn duen Ordezkaritzak antolatutako ekitaldi batean. Francisco Javier Nuñez polizia abusuaren biktima 1977an hil zen.
Denis Itxaso Espainiako Gobernuak Euskal Autonomia Erkidegoan duen ordezkariak ere bileran parte hartu zuen. Haren esanetan, Francisco Javier Nuñezen historiak "ikaratu egiten du, hunkitu eta lotsatu".
"Espainiako Poliziaren agente batzuek eragindako kaltea aitortzea aukera bat da biktimen, memoriaren eta bizikidetzaren arloan aurrera egiteko. Horrelako ankerkeriek guztion memoria kritikoa, argia eta zintzoa eskatzen dute. Horrek ezinbestean eskatzen du Francisco Javier Nuñezi egindako kalte bidegabea aitortzea", azaldu zuen.
Francisco Javier Nuñez 1977an hil zen, Espainiako Poliziak jipoia eman eta eta errizino olioa eta koñak litro bana edatera behartu ostean. 1977ko Amnistiaren Aldeko Astearen azken biktima izan zen Bilbon.
Bi polizia agentek bere etxeko atarian jipoitu egin zuten eta egun batzuetara salaketa jartzera joan zenean, berriro ere jipoitu egin zuten. Egun gutxira hil zen ospitalean.
Eusko Jaurlaritzak polizia abusuen biktima izaera aitortu zion, 2012an, Francisco Javier Nuñez matematikako irakasleari.
1977ko Amnistiaren Aldeko Astearen baitan, Francisco Javier Nuñez (38 urte) eta hiru urte eta erdiko Ines alaba manifestazio baten parean igaro ziren. Une batean, bi agentek jipoitu egin zuten bere atariaren inguruan. Bi egunez ohean egon ondoren, gertatutakoa salatzera joan zen epaitegira. Ondoren, erasotzaileei abisua eman zieten, eta horiek furgoneta batean sartzera behartu zuten. Bertan, errizino olioa eta botila bat koñak edatera behartu zuten. Ondorioz, ospitaleratu egin zuten eta egun batzuk geroago hil zen.