Politika -
Diputatuen Kongresua
Euskal Herrian torturak eragindako mina aitor dezala eskatu dio EH Bilduk Sanchezi
Halaber, pandemiak eragindako osasun larrialdiari eta krisi sozio-ekonomikoari aurre egiteko autogobernurako tresna gehiago emateko eta neurri progresistak ezartzeko galdegin du koalizioak.
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Milaka euskal herritarrek torturak jasan dituztela aitor dezala eskatu dio gaur Mertxe Aizpurua EH Bilduko bozeramaileak Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteari, horrek bakearen eta bizikidetzaren eraikuntzan beste aurrerapauso bat ematen lagunduko duela iritzita.
Mikel Zabalzaren kasuari buruz asteon Publico egunkariak argitaratutako grabazio baten ondotik egin dio eskaera hori. Audio horretan Luis Alberto Perote koronela eta Pedro Gomez Nieto Guardia Zibilaren kapitaina entzuten dira hizketan. Gazte nafarra Intxaurrondoko kuartelean torturapean hil zela onartzen dute.
"Beste gatazka eta herrialde batzuetan egin duten moduan, jakin nahiko nuke zu izango zaren aurrerapauso garrantzitsu bat emanda, milaka euskal herritarrek tortura jasan zutela aitortuko duen presidentea", esan dio Aizpuruak Sanchezi.
Pandemiak eragindako krisiari dagokionez, Aizpuruak autogobernu gehiago eskatu du, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak osasun larrialdiari eta krisi sozio-ekonomikoari aurre egiteko tresna guztiak erabiltzeko aukera izan dezaten.
Txertaketa planari dagokionez, enpresa-farmazeutikoen "txantajeari" aurre egin diezaiola exijitu dio Sanchezi, dosi gehiago jaso ahal izateko eta txertaketa prozedura azkartzeko. Ildo horretan, Aizpuruak gogor kritikatu ditu protokoloak urratuta covid-19aren kontrako txertoa hartu duten politikarien eta goi-karguen jarrera.
Osasun egoerak nolabaiteko hobekuntza izan duen arren, pandemiak gizartea gogor kolpatu duela eta krisiari aurre egiteko, besteak beste, banketxeei eta errenta altuenak dituzten pertsonei zergak igotzea ezinbestekoa dela azpimarratu du.
Halaber, ekonomia suspertzeko bidean "inor atzean ez uzteko" zer egingo duen argitu dezala galdegin dio Aizpuruak, lan-erreforma baliogabetu gabe, alokairuaren prezioa mugatu gabe, gutxiengo soldata igo gabe eta kolektibo zaurgarrienei zuzendutako laguntza sozialak indartu gabe hori bermatzea ezinezkoa izango dela ohartarazita.
Amaitzeko, Aizpuruak gogoratu dio EH Bilduren konpromisoa ezkerreko politika egitearekin lotuta dagoela, "eta Espainiako Gobernuarekin". Gobernuak neurri progresistak ezartzen baditu, koalizio soberanistak "eskuzabaltasunez" jokatuko duela berretsi du.