Politika -
EUSKADI IRRATIA
Lezertua: "Esku pribatuetan dauden zerbitzu publikoetan eskumena izan nahi nuke"
Bigarren eta azken legealdiari ekin dio, asteon, Lezertuak ararteko karguan. Bere erronken artean, "Arartekoaren Legea aldatzea" aipatu du, bere ondorengoak "tresna erabilgarriagoa" izan dezan.
IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB Media
"Ohore bat da Legebiltzarraren babes zabalarekin aurrera egitea". Hala esan du Manu Lezertua EAEko arartekoak, kargua beste bost urterako berretsi berritan. Otsailaren 18an, Gasteizko Ganberan izandako bozketan, EAJk, PSE-EEk, EH Bilduk eta PPk Lezertua herri defendatzaile lanetan jarraitzearen alde eman zuten botoa. Elkarrekin Podemos-IU eta VOX, berriz, abstenitu egin ziren.
"Poztu egin ninduen emaitzak, eta aro berri bati ekiteko motibazioa ere bada niretzat. Gure lantaldearen lan-moldeak babesa duela esan nahi du, eta erakunde modura oso garrantzitsua da horrelako babesa izatea, gure independentzia mantentzeko", esan du.
Bigarren eta azken legealdia izango da Lezertuarentzat ararteko modura, legeak ez baitu ahalbidetzen gehiago luzatzea. Horren jakitun, datorrenari "Arartekoaren legea aldatzeko oinarriak prestatuta" utzi nahi dizkio. "Lege zaharra da gurea. Orain 35 urte sortu zen, aitzindaria izan zen, baina egokitu egin behar da. Iaz hasi ginen lan horretan, baina pandemiak ez digu utzi aurrera egiten. Datozen urteotan lan horretan jarraitu nahiko nuke: legea egokitu, hurrengo arartekoak tresna erabilgarriagoa izateko".
Euskadi Irratiko 'Goiz Kronika' albistegian egindako elkarrizketan, aurrera begira bere lan-lerroak zeintzuk izango diren zehaztu du. Besteak beste, enpresa pribatuen esku dauden zerbitzu publikoetan esku hartzeko aukera proposatuko du Lezertuak. "Zerbitzu publiko asko ez ditu zuzenean Administrazioak ematen. Enpresa pribatu asko daude tartean; telefonia, energia… Egun, legeak ez du ahalbidetzen Arartekoak alor horretan esku hartzea. Eskumen hori ez dugu, eta, nire ustez, zerbitzu publiko garrantzitsuenetan Arartekoak izan beharko luke eskumena", esan du.
Herri defendatzaileak eskaintzen duen zerbitzua "eraginkorragoa" izatea ere nahiko luke Lezertuak. Horretarako, beharrezkoa ikusten du "burokrazia arintzea", prozedurak "azkartzeko". Ildo horretan, Europako hainbat adibide oinarri hartuta, "Holandakoa, esaterako", hainbat aldaketa egitea ere proposatuko du.
2015ean hartu zuen lehen aldiz ararteko kargua Lezertuak. Aurretik, 1983 eta 1985 bitartean, Eusko Jaurlaritzako abokatu gisa jardun zuen, eta Europako Giza Eskubideen Auzitegian lanean aritu zen ondoren, hiru hamarkadatan. Espainiako Auzitegi Konstituzionalean ere aritutakoa da, oinarrizko askatasunen defendatzaile eta eskubide urraketei lotutako auziei buruzko lanetan.