Politika -
Egin Dezagun Bidea kolektiboa
Euskal presoen eskubideen aldeko baraualdia egingo dute
Alderdi politikoetako eta sindikatuetako ordezkariek "txandakako baraualdiarekin" bat egin dute. Besteak beste, ezker abertzaleak, Aralarrek, Alternatibak eta LAB sindikatuak babestu dute ekimena.
Erredakzioa
Alderdi politikoetako eta sindikatuetako ordezkariek "txandakako baraualdiarekin" bat egin dute gaur. Besteak beste, ezker abertzaleak, Aralarrek, Alternatibak eta LAB sindikatuak babestu dute euskal presoen eskubideak defendatzeko ekimena. Baraualdia Egin Dezagun Bidea kolektiboak antolatu du Donostian.
Eragile politiko, sindikal eta sozialak 24 orduko txandatan ariko dira, abenduaren 12tik 18ra artean Donostian, EHUren Ibaetako Fakultatean.
Kolektiboaren eskaerak: presoak Euskal Herrira ekartzea, Parot doktrina bertan behera uztea, zigorraren hiru laurdenak beteak dituzten presoak askatzea, gaixotasun larriak dituztenak aske uztea eta espetxe politika "konponbide gakoetan" jartzea.
Abenduaren 12an sindikatuen txanda izango da, 13an gazte eragileena, 14an ikasle eta irakasleena, 15ean mugimendu feministena, 16an alderdi politiko eta erakunde publikoena, 17an mugimendu sozialena, eta 18an Bulebarrean elkarretaratzea egingo dute, 12:00etan.
Egin Dezagun Bideak dio hauek behintzat parte hartuko dutela: ezker abertzalea, Aralar, Alternatiba, LAB, EILAS, ESK, EHNE, Hiru, Gazte Abertzaleak, Gazte Independentistak, EGK, Ikasle Abertzaleak, ESAIT, Bai Euskal Herriari, Euskal Herriak Bere Eskola, Iratzarri, Euskal Herriko Bilgune Feminista, Etxerat eta Askapena eragileek.