Politika -

Zergak

Sanchezentzat "gizalegearen aurkako" jarrera izan du Juan Carlos I.ak zergekin

Azken zerga kitapenarekin, 7 milioi eurora igo da errege emerituak deklaratu gabekoa.

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea. Argazkia: Efe
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea. Argazkia: Efe
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea. Argazkia: Efe

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak "errefusatu" egin ditu gaur, Juan Carlos I.ak Ogasunarekin kitatu duen zorraren berri izan ostean, errege emerituak zerga arloan izan duen "gizalegearen aurkako" portaera.

Javier Sanchez-Junco errege emerituaren abokatuak baieztatu du zorraren kitapena, Zagatka fundazioarekin lotutako irabazi batzuen harira, tartean hegazkin pribatuetan bidaiak egiteko ordainketak.

Juan Carlos I.ak bere borondatez Ogasunari aurkezten dion bigarren aitorpen gehigarria da, abenduan egin zuenaren ostean (678.393 euro).

Oraingo honetan lagunek eta enpresariek emandako diruarekin ordaindu du zorra, zenbait iturriren arabera, baina abokatuak ez du argitu nahi izan komunikabideetara bidali duen oharrean.

Azken zerga kitapenarekin, 7 milioi eurora igo da errege emerituak deklaratu gabekoa, Ogasun Ministerioko teknikarien sindikatuak aurreratu duenez.

Sanchezentzat, errege emerituak izandako jarrerak "deserosotasuna" sortzen du; izan ere, Auzitegi Gorenak hiru ikerketa ditu irekita bere aurka.

"Zerga betebeharrekin arduragabekeriak izan baditu, konpondu egin behar dira, noski", adierazi du Espainiako Gobernuko presidenteak Moncloa Jauregian emandako prentsaurreko batean.

Hala ere, Sanchezek bereizi egin du Felipe VI.a bere aitaren jokabidearekiko, eta azpimarratu du Errege Etxeak "mugarri bat" ezarri duela "baliabide publikoen erabilera onean eta gardentasunean", eta ez duela zalantzan jartzen erakundea bera, pertsona baizik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Juan Carlos I.a Espainiako Felipe VI.a Espainiako Gobernua Espainia Pedro Sánchez Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Zerga politika