Politika -

Radio Euskadi

EAJ, PSE-EE eta PP+Cs, mutualitateek txertaketan parte hartzearen alde

EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek, bestalde, lan hori enpresa pribatuei desbideratzea kritikatu dute, eta "zenbateko kostua duen" jakitea eskatu dute.

'Parlamento en las Ondas' saioa, Radio Euskadin. EITB Mediaren bideo bateko irudia
'Parlamento en las Ondas' saioa, Radio Euskadin.
'Parlamento en las Ondas' saioa, Radio Euskadin. EITB Mediaren bideo bateko irudia

EITB Media | Agentziak

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Legebiltzarreko taldeetako ordezkariek EAEko txertaketa prozesuari buruz eztabaidatu dute Radio Euskadiko "Parlamento en las Ondas" saioan. EAJk, PSE-EEk eta PP+Csek mutualitateek txertaketan parte hartzearen alde egin dute, eta EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek kritikatu egin dute.

Maria Eugenia Arrizabalaga EAJko legebiltzarkideak Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzako irakasleak mutualitateetan txertatzeari buruz hitz egin du. Esan duenez, mutualitateak "ez dira enpresa pribatuak, gainbegiratuta dauden entitate parapublikoak baizik".

Jeltzaleak aintzat hartu du Bizkaiko eta Gipuzkoako adinekoen egoitzak "covidik gabe" egotea, eta onartu du txertoen banaketa oraindik "urria eta ziurtasun askorik gabekoa" dela. Esan duenez, Osakidetzak "aurre egiten dion txertaketa prozesua puzzle moduko bat da". "Ez da nahiko genukeen bezain azkarra, baina izango da", gehitu du.

"Stock estrategikoa mantentzeko estrategia ona da; AstraZenecaren kasuan gutxiago gordeko dira, eta horrek lehen dosia jende gehiagori jartzea ahalbidetuko du", esan du.

PSE-EEko Ekain Ricorentzat "faltsua" da mutualitateen inguruan sortutako eztabaida, hori lurraldeen arteko batzordeak babestutako neurria delako. "Horretarako prestatuta daudenen laguntza jasotzen da. Positiboa da ahalik eta erreminta gehien izatea", gehitu du.

Sozialistak onartu du administrazio guztiak ari direla akatsak egiten eta "eguneraketa asko" emango direla, "txerto eta ebidentzia zientifiko gehiago" izatean. Hala ere, bere ustez, hori "ez da inprobisazioz jardutea, birusaren aurkako borrokan aurrera egitea baizik".

"AstraZenecaren erreserba estrategikoa murriztea egokia iruditzen zaigu, bigarren dosia hamar aste eta gero jarri daiteke-eta, 55 urtetik beherakoek ere hori jaso ahal dezaten", esan du.

EH Bilduko Nerea Kortajarenak zentro pribatuetara desbideratzeak "zenbateko kostua duen" ezagutzea eskatu du. "Zentro publikoetako irakasleen txertaketa hasi behar zela esan zen, eta mutualitate bati eman zitzaion horren ardura, Mutualiari, lan orduetatik kanpo eta asteburuetan txertatzeko aukera gehiago ematen dituelako. Horrek azalpen bat merezi du", esan du.

Kortajarenak Gotzone Sagardui Osasun sailburuaren dimisioa eskatu du, eta Osakidetzak gordeta baina jarri gabe dituen 45.000 txertoen inguruko ohartarazpena egin du: "Jartzen ez den txerto bakoitzak bizitza bat arriskuan jartzen du".

"Ez dago txertaketa prozesu hori nolakoa izango den jakitea ahalbidetzen duen idatzizko plan bat. Ezagutu genuen 100 urtetik gorako 800 adineko desagertu direla, edo beste nonbait bizi direla. Osakidetzak ez ditu datuak eguneratuta, eta ez da modu efizientean kudeatzen ari", gaitzetsi du.

Elkarrekin Podemoseko Jon Hernandezentzat, beharrezkoa da mutualitateen parte hartzeari buruzko eztabaida bat. Baliabide gehiago eskatu ditu Oskidetzarentzat, lan horiek enpresa pribatuei esleitu behar ez izateko.

Anbulantzietako langileak ez txertatzea kritikatu du, Osakidetzako beste langileak txertatzen ari zirenean. "Osakidetzaren zerbitzura dauden enpresa pribatuak dira, baina Osakidetzarekin lan egiten diren langileak dira, eta covid gaixoekin kontaktuan daude", ohartarazi du.

"Ez dago planifikazio on bat. Lehendabizi Santa Marina eta Basurtuko eskandalu handiak heldu ziren; sindikatuek aipatutako desberdintasunak Osakidetzako langileen artean, ESIen arteko aldeekin; informazio eta gardentasun gutxiko txertaketa Hezkuntzan…", zenbatu ditu.

Carmelo Barrio PP+Cs taldeko bozeramaileak Jaurlaritzaren eta mutualitateen edo klinika pribatuen arteko elkarlanaren aldeko apustua egin du, txertaketa "eraginkorragoa" izan dadin, eta hori farmaziekin ere egin dadila nahi du.

Barriok aintzat hartu du enpresa farmazeutikoak urtebete baino gutxiagoko epean txerto eraginkor bat lortzeko gai izatea.

Era berean, txertaketa prozesuan "baliabide publiko eta pribatu guztiak aprobetxatzearen" alde egin du, eta onartu du Osakidetzan konfiantza duela, baina "ez hainbeste sailaren eta Sagardui sailburuaren kudeaketan". "100 urtetik gorako 1.800 pertsonen artean 800 ez agertzea edo non dauden ez jakitea oso larria da, ia lotsagarria", esan du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Osakidetza EAJ-PNV Eusko Legebiltzarra Euskal Autonomia Erkidegoa EH Bildu PSE-EE Euskadiko PP Euskadiko Ciudadanos Eguneko albisteak Albisteak Podemos Ahal Dugu Euskadi Txertoak Koronabirusa