Politika -
CISen inkesta
Espainiarren erdiak baino gehiagok uste du ETA ez dela desagertuko
Inkesta erantzun dutenen ia erdiak (% 46,3) pentsatzen du Espainiako eta Frantziako gobernuek ez dutela ETArekin hitz egin behar jarduera armatua betiko amaitu duela egiaztatuta ere.
Erredakzioa
Espainiarren % 57,4k uste du ETA ez dela betiko desagertuko eta % 46,3k pentsatzen du Espainiako eta Frantziako gobernuek ez dutela ETArekin hitz egin behar jarduera armatua betiko amaitu duela egiaztatuta ere.
Espainiako Ikerketa Soziologikoen Zentroak (CIS) azaroaren 2a eta 9a artean egin zuen ikestan agertzen denez, hamarretik zortzi (% 84,1) ETAko presoei indultuak ematearen kontra daude, eta % 42,4k ez du nahi euskal presoak Euskal Herriko kartzeletara eramatea.
Ia herritarren herenak (% 31,3) uste du PSOE izan dela ETA amaitzeko gehien egin duena, PP izan dela pentsatzen dutenak % 12,5 dira, % 34,6k Espainiako Gobernuari ematen dio horren meritua, % 15,7k Guardia Zibila aipatzen du, % 14,9k Polizia eta % 7,2k Eusko Jaurlaritza.
Barometroaren arabera, terrorismoa herritarren hamargarren kezka da, % 3,7k bakarrik aipatzen baitu kezka nagusi gisa. Langabezia da kezka nagusia herritarrentzat, % 83rentzat hain zuzen ere.
ETAk jarduera armatua utzi zuela iragarri eta bi astera egin zen inkesta eta albiste horrek “poza” sortu zien % 32,5i eta “esperantza” lautik bati.
% 66,9rentzat ETAren erabakian pisu handia izan du poliziak egindako lanak. Ezker Abertzalearen “presioa” aipatu dute % 36,9k eta indarkeria salatzeko mobilizazioak izan dira ETAren erabakian pisu handiena izan dutenak herritarren % 35,8rentzat.
Jarduera armatua erabat utzi duela baieztatzen bada, Espainiako eta Frantziako gobernuek ETArekin hitz egin beharko ote luketen galdetzen die CISek inkestan parte hartu dutenei: %46,3ak ezetz uste du eta %42,8k baietz.
Desagerpena
%57,4ren iritziz, armak uzteko erabakia ez da behin betiko; "batere" edo "gutxi" sinesten dute horretan. Aldiz, %35,6ak uste du “nahiko” edo “oso” posible dela hori horrela izatea.
ETA behin betiko desagertuz gero, erakundeko militanteekin eskuzabal izan behar ote denaren inguruan galdetuta, gehiengoa dira (%48,4) neurri “eskuzabalak” “inolaz” ere onartuko ez lituzketenak.
%33,6ak onartu egiten ditu neurri horiek baina odol deliturik ez dutenentzat bakarik eta %11,2k kasu guztietan aplikatuko lituzkete.
Ildo beretik, oso txikia da ETAko kideentzako amnistia osoarekin "oso" edo "nahiko" ados daudenen kopurua; % 90ek baztertzen dute neurri hori.
ETAko presoei kartzeletako onurak emateari dagokionez, herritarren % 65,8 ez daude "oso ados" edo "batere ados" eta % 26,3, aldiz, ados daude horrekin.
Baldintza horiek onartzen dituztenen artean, "publikoki barkamena eskatzea" da gehien aipatutako neurria (% 43,9) eta haren atzetik daude "armak entregatzea" (% 23,1) eta zigorrak erabat betetzea (% 12).
Herritar gehienen iritziz (% 50,7), ETAren agiriak sortu duen egoerak ez du berekin ekarri behar ezker abertzaleko alderdien legalizazioa; % 20,1ek babesten dute neurri hori