Politika -
Madrilen
Sanchez buru, ETAren eta Graporen armak suntsituko dituzte ostegunean
Ekitaldian Fernando Grande-Marlaska Barne ministroa, Idoia Mendia lehendakariorde bigarrena eta Nafarroako Gobernuko ordezkariak izango dira, besteak beste.
E. G. | EITB MEDIA
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea izango du buru ETAri eta Grapori konfiskatutako armak suntsitzeko ostegunean, martxoaren 4an, egingo duten ekitaldi sinbolikoak. Terrorismoaren Biktimen Memoriarako Gasteizko Zentroak bultzatuta antolatu dute ekitaldia eta Valdemoroko Guardia Zibilaren Akademian (Madrilen) gauzatuko da.
Sanchezekin batera, beste hainbat agintari izango dira ekitaldian. Besteak beste, Fernando Grande-Marlaska Barne ministroa, Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako lehendakariorde bigarrena eta Nafarroako Gobernuko ordezkariak.
Halaber, Espainiako Estatuko Segurtasun indar eta kidegoen ordezkariak eta Ertzaintzaren eta Foruzaingoaren kideak ere bertaratuko dira.
Guztira, 1.400 arma zapalgailu batekin suntsitu eta fundiziora bidaliko dituzte. 1976tik atzemandako armak dira, Auzitegi Nazionalaren esku zeudenak eta ibilbide judiziala agortuta dutenak (ez dute jada froga gisa balio). Gehienak (% 90) ETArenak ziren, eta gutxi batzuk Graporenak eta beste talde armatu batzuenak.